Aralarrek salatu egiten du Quirogak hildako eta mehatxatutako zinegotziak omentzeko ekitaldi instituzionalaren erabilera politikoa egin gura izan duela
- Legebiltzarra
Aralarrek gogoratu nahi du Eusko Legebiltzarrean ostiralean egingo den ekitaldi instituzionalean, erailak edo mehatxatuak izan diren udaletako kargu publiko guztiak gogoan izango direla, edozein izanda biktimarioa. Eusko Legebiltzarrean egiten den ekitaldi oro gehiengoaren adostasunarekin egin behar da, bai bere diseinuan, baita irakurriko den komunikatuan ere. Aitzitik, gizartearen zati jakin baten bazterketa bilatuz, alderdikeriaz jokatu da, guztion ekitaldia izan beharko lukeen zerbaitekin.
Bazterketa ez da adostu zena, eta ez da bazterketarik egongo, Legebiltzarreko gehiengoak ez duelako nahi ekitaldi instituzional batean bazterketarik izatea. Uste dugu bakea elkarrizketaren bitartez eta bazterketarik gabe lortzen dela. Gizartearen bazterketa nahi izateaz aparte, uste dugu ekitaldiaren nondik norakoak erabaki direnean hartu diren zenbait erabaki aldebakarrekoak izan direla. Jokabide horren aurka gaude. Erabaki horiek legebiltzar buruak edo ganberako zati batek hartu dituen aldebakarreko erabakiak izan direlako; adibidez, Legebiltzarrean ordezkatuta ez dagoen alderdi bakarra gonbidatu da manifestua irakurtzeko, eta beste alderdi batzuk ez dira gonbidatu. Arbitrarioki hartutako erabakien aurka gaude, adostasunik gabe hartu direlako.
Horregatik guztiagatik, Aralarrek azalpenak eskatuko ditu hurrengo bozeramaileen batzordean. Gainera, horrelakorik berriz ere gerta ez dadin, beharrezkoak diren neurriak hartzea proposatuko du, ekitaldi instituzionaletan aldebakarreko erabakirik har ez dadin. Uste dugu legebiltzarburuak ez duela karguak eskatzen duen maila eman, eta espero dugu bere jokabidea dela eta barkamena eskatzea.
Aralarren uste dugu eraikiko dugun bakeak justua izan behar duela, eta gutariko bakoitzak gure ideiak defendatzeko askatasuna izan behar dugula, hiltzeko mehatxurik gabe eta legez kanpo jarria izateko mehatxurik gabe. Lanean jarraitu behar dugu bake justua lortzeko, eta ideia guztien defentsa bere gain hartuko duen errealitate politiko instituzionala lortzeko.
Albiste erlazionatuak
Legebiltzarra
- Bakegintzan eta elkarbizitzan aurrerapausoak emateko “ezinbestekotzat” jo du Ezenarrok lan talde irekia eratzea Legebiltzarrean
- Kutxen izaera soziala eta gizartekitza bermatzeko zuzenketak egin dizkio Aralarrek kutxen legeari
- Aralarrek bere poztasuna adierazten du D ereduak berriz gora egin duelako
- Bazterketarik gabe, bakegintza lantzeko lan taldea eratzea eskatu du Aralarrek Legebiltzarrean


