Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu egiten du Marokok armada erabiltzea zibilen kontra jotzeko

Aralarrek salatu egiten du Marokok armada erabiltzea zibilen kontra jotzeko

2010/11/08
  • perez
  • basabe
  • sahara
Aralarren legebiltzarkide Nekane Perezek eta Mikel Basabek salatu egiten dute “Marokok Saharako herriaren kontra jotzeko armada erabiltzea. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoei eta zauritakoei, bai eta euren senideei ere”. Legebiltzarkideen ikuspegiko “erabat onartezina da Marokoren jarrera eta gaitzetsi egiten dugu Gdaim Izik kanpamendua eraso egin izana”.

“Gdaim Iziken gertatutakoaren aurrean, Nazio Batuen Elkarteari eskatzen diogu berehala esku har dezala. Ezin da begira geratu eta hartutako konpromisoarekin bete beharra dauka: autodeterminaziorako erreferenduma berehala antolatu behar du”, adierazi dute bi aralarkideek.

Bestalde, Espainiako estatuari exijitu diote “har dezala behingoz nazioarteko legediak bere gain jarrita duen erantzukizuna eta Saharako herriaren eskaera zilegiei babesa eman diezaiela, Frente Polisarioaren onarpenetik hasita”.

Aralarrek bat egiten du Saharako herriaren alde eta Marokok hartutako erabakiaren kontra protesta egiteko deituta dauden ekitaldiekin eta haietan parte hartzeko deia egiten die euskal herritarrei.