Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu egin du publizitate eta komunikazio instituzionalari buruzko legea “gabeziekin” onartu duela Legebiltzarrak

Aralarrek salatu egin du publizitate eta komunikazio instituzionalari buruzko legea “gabeziekin” onartu duela Legebiltzarrak

2010/12/23
  • publizitate
  • basabe
  • legea
Aralarrek “erakunde kanpaina euskara hutsean egiteko aukera defendatu du”. Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek azaldu duenez, “hizkuntza ofizial biei ematen dien tratamendua da gabezietako bat. Biak pareko jartzen ditu, Jaurlaritzak badakienean biak sozialki ez daudela pareko egoeran, eta jakin badakienean batek beharrezko daukala sustapena. Ez dagoelako tratamendu bera ematerik behar ezberdinak dituztenei”. Horixe izan da Aralarrek legeari egindako zuzenketetako zenbait osoko bilkuran mantentzearen arrazoia.

Basabek propio erakutsi du Legebiltzarreko ganberan Kultura sailak aurreko egunean talde parlamentarioei helarazitako turismo gidaren ale bana. Izan ere, gaztelera hutsez argitaratu da Jaurlaritzak koordinatu duen turismo gida zehatz hori. Hala, Aralarren legebiltzarkideak adierazi duenez, “Jaurlaritza etorri da gure planteamendua indartzera, alegia, euskarak beharrezkoa daukala babes handiago, beraz, beharrezkoa daukala lege honetan ere bestelako babes-maila bat izatea”. Hori dela eta, Basabek adierazi duenez “legean ere ezarri egin behar da euskarak beharrezkoa daukala tratamendu berezitu hori eta horixe da, hain justu, lege honek jasotzen ez duena, pareko egoeran jartzen dituelako parean ez daudenak”.

Hala, Basabek defendatu duenez, “badago arrazoirik, premiarik eta egokitasunik erakunde kanpainak euskara hutsean egiteko, Jaurlaritzak ezezkoa esan arren”.

Bestalde, Aralarren legebiltzarkideak salatu egin du gobernuak “legeak dituen 14 artikuluetan aukera baliatu izana konstituzioa, lege ordenamendua eta jite bereko kontzeptuak sartzeko, zilegitasun osoz, baina ez adostasunaren bila”. Horren aurrean, Aralarrek mantendu egin ditu bere zuzenketak: “legea epe luzerakoa izango denez, jaso beharko lituzke guk proposatu ditugun planteamenduak, beharrezkoak direnak”. Hori dela eta, Basabe gobernuari zuzendu zaio esanez “espero dugu datorren hilean etorri beharrik ez izatea, esatera onartu duzuen legea ere ez zaretela betetzen ari”.