Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu egin du "inoiz Jaurlaritza batek egin dituen murrizketa sozialik handienak egiten ari dela gobernua"

Aralarrek salatu egin du "inoiz Jaurlaritza batek egin dituen murrizketa sozialik handienak egiten ari dela gobernua"

2011/01/04
  • langabezia
  • bakea
  • ezenarro
  • elkarrizketa
Gemma Zabaletaren saila “diskurtso populista, eta guztiz eskuinekoa”, egiten ari dela salatu du Aintzane Ezenarro Aralarren bozeramaileak. ETBko Egun on Euskadi telebista saioan egin dioten elkarrizketan salatu duenez, “eskubide sozialen murrizketa izaten ari da gobernuaren ezaugarri, ez bakarrik GLLak murriztuz, baita ere Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta murriztuz ere. Ia egunero murrizketak iragartzen ari da gobernua. Inoiz ez du Jaurlaritza batek era horretako murrizketa sozialak egin eta orain, berriz, alderdi sozialista ari da horretan, PPren eskutik, diskurtso erabat populista batekin eta guztiz eskuinekoarekin”.
p { margin-bottom: 0.21cm; }

Bozeramaile abertzalearen ustez, “gobernua esan eta esan ari den arren ez dituela albora utziko premia gehien dituzten herritarrak, eta are gutxiago langabetuak, ikusten ari garena guztiz kontrakoa da. Ez dute langabetuei begira programa berezirik ezarri, Legebiltzarrak horretarako agindua eman bazien ere. Behin eta berriz ari dira esaten krisitik atera garela, baina herri honen arazo sozialak, langabeziak, ez du hori adierazten”.

“Enplegua eta Gizarte Gaietarako sailetik disimulurik gabeko murrizketa politika ikusten ari gara eta hori ez da bidea”. Hala iritzi dio Ezenarrok. “Une honetan estatu sozial indartsua behar dugu, premiak dituzten herritarrei laguntzeko”, gehitu du. “Are gehiago, laguntza sozialek gizarte subsidiatu bat eragiten duten diskurtsoa eskuineko indarren diskurtsoa izan da beti, orain, ordea, sozialistak ari dira hori esaten”. Aralarren bozeramaileak gogora ekarri duenez, “jende asko kanporatu dute lan mundutik eta laguntza sozialen premia areagotu egin da”. Hori dela eta, Aralarren bozeramaileak iragarri duenez, “azalpenak eskatuko dizkiogu sailburuari Legebiltzarrean eta, legegintzaldia amaitzeko geratzen den deboran, murrizketa gehiago gerta ez daitezen lan egingo dugu”.

Nafarroa Bai

Bestalde, Batasunak Nafarroan egindako eskariari buruz, Ezenarrok adierazi du “Batasunak barneratu egin beharko lukeela historia ez dela norberak nahi duenean hasten. Nafarroan 2003tik ari gara indar abertzale eta aurrerakoien batasunean lanean, Nafarroa Baik dituen zazpi urteak, alegia, eta erantzun sozial zabala izan du NaBaik denbora horretan”. Hala, Aralarren bozeramaileak gogoratu du “NaBairen ateak irekita” daudela “NaBairen printzipioak onartuz gero, eta NaBai osatzen dugunon kontra inongo betorik jartzeko tentazioari uko eginez gero”. Ezenarrok berretsi duenez, “Batasunari ez zaio besteoi eskatu zaigunetik haragoko plusik eskatuko; NaBai Nafarroako abertzale eta aurrerakoi guztion etxea delako eta hortik kanpo, batez ere Nafarroan, hotz handia egiten duelako”.

Su-etenaz

Azkenik, eta hainbat aldiz aipatu den ETAren su-eten iragarpenaren haritik, Ezenarrok adierazi du ETAk esateko duenaren zain egoteari utzi beharko liokeela Batasunak. “Benetan politika egiteko aske izan nahi badu, hirugarrenek zer egingo ote duten zain egoteari utzi behar dio, bestela akats estrategikoa litzatekeelako”. Legebiltzarreko bozeramailearen ustez, “prozesu honetan berriena da Batasunak orain arte eman ez duen urratsa egin duela: alde bakarreko erabakia hartu duela bide soilik politikoetatik aritzeko, indarkeriaren kontra agertuz”. Hala ere, Ezenarrok aitortu du behin betiko su-etenaren adierazpena irits dadin nahiko lukeela, horrek bakebidean lagunduko lukeelako. “Baina bakea lortzea ez dago ETAk egingo duenaren menpe, orain arte bezala nahi duena egiten jarraituko baitu. ETArekiko ikuspegi abegikorra izan duen oinarri sozialaren jarreraren menpe dago gehiago bakea. Oinarri sozial horrek aurre egiten badio eta 'honaino heldu gara' esaten badio, bakea lortzetik gertuago izango gara”. Hori dela eta, Ezenarrok argi dauka “Batasunak argi eta garbi adierazten badu indarkeriaren erabileraren kontra dagoela, eta ETAren indarkeriaren kontra dagoela, estatu espainiarrak zailtasun asko izango ditu alderdien legeari bestelako baldintzak gehitzeko”.