Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu egin du gobernuak Gazteriaren Euskal Legearen borradorea ere hedabideen aurrean aurkeztu izana, Legebiltzarreko taldeoi horren berri eman aurretik

Aralarrek salatu egin du gobernuak Gazteriaren Euskal Legearen borradorea ere hedabideen aurrean aurkeztu izana, Legebiltzarreko taldeoi horren berri eman aurretik

2010/02/15
  • gazteak
  • basabe
  • legea
“Propaganda egitearekin obsesionaturik daudela dirudi”, salatu du Mikel Basabe Aralarren legebiltzarkideak

Aralarren iritziz, “erabat salagarria da beste behin ere gobernuaren egitasmo baten berri medioen bitartez jakitea legebiltzarreko kideok”. Hala salatu du Aralarren legebiltzarkideak Gazteriaren euskal legeriaren kontura Blanca Urgell sailburuak egindako aurkezpenaren haritik. “Berriz ere Legebiltzarrera ekarri aurretik, are gehiago, taldeoi zertan ari diren azaldu aurretik, hedabideetara jotzea erabaki du Lopezen gobernuak; izan ere, prentsaurrekoa egin aurretik jada medioen bitartez jakinarazi baitute ze asmo daukaten, esaterako, gazteria kontseilua desagerraztea”. Basabek gogora ekarri du, bere taldekide Aintzane Ezenarrok azkeneko kontrolerako plenoan Lopezi leporatu ziola “ohitura txarrak hartzen” aritzea; izan ere “aurreko gobernuen ohitura izan da, eta jardun parlamentarioaren ohitura izan da, legebiltzarreko taldeekin hartu-eman normalizatuak izatea gobernuaren egitasmoen inguruan informazioa emateko. Gaur, ordea, berriz ere, nahiago izan dute medioetara atera egin asmo dutenaren berri ematera”.

“Obsesionaturik bizi dira propaganda egitearekin”, salatu du Basabek. “Propaganda egin behar horretan legebiltzarkideoi eta herritarrei bizkar emanez ari dira behin eta berriz Lopezen Jaurlaritza”. “Hala ere”, gehitu du Basabek “poztekoa da gobernuko irudi aholkulariak bere lana egin izanaz. Poztuko ginateke gauzak normal antzean egingo balituzte eta taldeekin konpartitua izatea Legebiltzarrari dagokiona”.

Aralarren legebiltzarkideak iragarri duenez, “gure taldeak galdera egingo dio gobernuari legebiltzarrean erantzun dezan zergatik hartu duen berriz ere jokabide hori, hau da, medioetara jotzea legebiltzarreko taldeekin harremanetan jarri aurretik. Era berean, gazteria kontseilua desagerrarazteko eta medioen bitartez jakinarazi duen asmoaren berri ere galdetuko dio Basabe Urgell sailburuari.