Aralarrek salatu du Sanz eta Lopezen gobernuek ausardi falta erakutsi dutela arlo ekonomikoan eta kapitalaren interesei baino ez dietela erantzun
- Ekonomia
- Txentxo Jimenez
- Jon Abril
Azaldu duenez, “Egoera ekonomikoa Espainiakoa baino hobea izanagatik ere, neurri berak mimetikoki ezartzen ari dira, eta ez dago inolako desmarkerik bide horretan. Autonomia fiskala bera gaizki erabiltzen ari dira, ez baitute Espainiako neurriengandik bereizketa nabarmenik”.
Zapateroren gobernuak hartu dituen neurrien aurrean, Aralarrek bere erabateko desadostasuna agertu du, “hartu diren neurriak krisia sortu dutenen finantza-merkatu eta instituzioen helburuen menpera egindakoak baitira, eta krisia sortu ez dutenak zigortzen ditu, nagusiki, pentsiodunak eta langileak”. Horrek erakusten du eredu ekonomikoa zein Rodriguez Zapateroren gobernua “agortua” daudela. “Berandu dabil krisiari erantzunak bilatzen, eta guztiz neurri okerrak planteatu ditu”, azpimarratu du Txentxo Jimenezek.
Aralarrentzat, defizit publikoa murriztea ezin da krisi garaiko lehentasuna izan, horrek atzeraldian sakontzea ekarriko duelako. “Defizit publikoa ez da bizi dugun egoera ekonomikoaren elementurik larriena. Krisi honen aurrean gure lehentasunak dira: desenpleguari aurre egiteko politikak abian jartzea, zerbitzu publikoen hobekuntza eta finantza-merkatuen erregulazioa eta erakundeen eragiketen gaineko mugak ezartzea”, adierazi du Abrilek.
Gastu publikoak enplegua sortzera bideratua egon behar duela azpimarratu du, “bereziki arlo sozialean eta ingurumen arloan babes maila handiagoa eskaintzeko”.
Defizitaren murrizketarako lehentasuneko lerroa ez du gastu publikoaren murrizketak izan behar baizik eta diru-sarreren hazkuntzak, Abrilen esanetan. “Eredu fiskalaren errotiko aldaketa eskatzen dugu. Eta gastu publikoa murriztekotan, badago nondik hasi, zerbitzu publikoak, erretiroak eta garapenerako laguntza fondoak moztu gabe. Adibidez: gastu militarra (Afganistanetik erretiratzeak 400 miloi euro aurreztea ekarriko luke)”, esan du.
Krisiari irtenbidea emateko hiru neurri mota hartu behar dira, nagusiki, Aralarren ustez: neurri fiskalak eta iruzurraren kontrako neurri, espekulazioaren kontrako neurria, gizarte zerbitzuak indartzea. “Neurri fiskalei dagokionean, biderik okerrena hartu dute azken urteetan gure instituzio nagusiek, Diputazioek zein Nafarroako Gobernuak. Autonomia fiskala badugun arren, horren erabilera guztiz okerra egin da, errentarik altuenak eta enpresak babestu dituena, eta neurri sozialak areagotzeko baliatu beharrean, atzerapausoak eman direnean arlo honetan, guztiz politika atzerakoiak aplikatu baitira”. Aralarreko koordinatzaileordeak gogoratu duenez, Europako Batasuneko presio fiskalaren batazbestekoa %42koa den bitartean, Hego Euskal Herrikoa %33koa da. “Beraz, badago tarte nahikoa presio fiskal hori areagotzeko”. Presio fiskal baxuago horrek euskal instituzioek urtean 5.300 milioi euro gutxiago jasotzea dakar, 4.000 milioi EAEn, eta 1.300 milioi gutxiago Nafarroan.
Krisiaren atarian geundenean presio fiskala murrizteko urratsak eman zirela nabarmendu du Abrilek, eta hala, PFEZaren erreforma, Elkarteen gaineko Zergaren jaitsiera, Ondarearen zergaren ezabapena aipatu ditu. Horien guztien errenta bilketan EAEn bakarrik 1.200-1.400 miloi euro gutxiago biltzea ekarri zuen, 340-390 milioi euro gutxiago Nafarroan, eta, oro har, 1.600-1.800 milioi euro gutxiago Hego Euskal Herrian.
Zentzu horretan, Aralarrek horien berrikusketa eskatzen du:
· Ondarearen gaineko zerga berrezarri eta tasa igo
· Elkarteen gaineko zerga igotzea, batez ere enpresa handienena.
· PFEZen tramoak zabaldu eta errenta garaiei gehiago zamatu. Portugalek landutako planean bide hori hartzen dute lehentasun gisa defizita murrizteko.
· Iruzur fiskala borrokatu: zigorrak gogortu, ikuskaritzarako baliabideak handitu, moduluen sistema ezabatu, sail desberdinetako kolaborazioa gehitu… (gaur egun Espainiako estatuan 38.000 miloi euro gutxiagoko sarrera bilketa ekartzen du iruzurrak).
· Finantza-mugimenduei %2ko zerga jarri, Brasilek, Tailandiak edo Malasiak egin duten bezala.
“Diru publikoa bankuen salbaziorako bideratu denean, orain bankuek gizarteari itzuli behar diote herritarrek egindako ahalegina”, esan du Abrilek. Horretarako, banketxeei zerga-tasa %5 igotzea proposatzen du Aralarrek. “Horrelako neurri batek Espainiako estatuan pentsioak ez izozteko adina neurri eragingo luke”, agertu du
Euroaren inguruan hainbat neurri hartzea ezinbestekoa dela uste du Aralarrek. Hala, Europako banku Zentralaren gaineko kontrol instituzionala handitzea eskatu du eta Europako organo komunak (Europako Kontseilua, Parlamentua...) indartzea eta ikuspegi soziala ematea, “politika sozialak Europa osoan bermatzeko eta hedatzeko. Honek edozein momenturako balio behar du, baina bereziki krisi garaian, laguntza sozialak inoiz baino beharrezkoagoak direnean”.
Albiste erlazionatuak
Ekonomia
- Bizkaiak beste politika ekonomikoaren beharra duela aldarrikatu dute Bilbon
- Aralarrek, Batasunak, EAk eta Alternatibak maiatzaren 1ean aurkeztuko dute beren alternatiba sozio-ekonomikoa Nafarroan
- Aralarrek kritikatu du defizitari muga jartzea konstituzioan, eta euskal instituzioen autonomiaren kontrakoa dela salatu du
- Aralarrek Jaurlaritzari leporatu dio “kutxen kontrol publikoaren gainean kuota politikoa handitu nahi izatea”
Txentxo Jimenez
- NaBai-k produktu transgenikoen produkzioa gutxitzea eskatu du, horiek desagertarazi arte
- Airearen kalitate eta isurketen neurgailuak ezartzeko mozioa aurkeztu du Nafarroa Bai-k
- Txentxo Jimenezek AHTren auzian Errioxaren kontrako lasterketa batean nafarron dirua gastatzea leporatu dio Nafarroako Gobernuari.
- Aralarrek AHT- ren kontra Iruñean egingo den manifestaziora joateko deia egin du
Jon Abril
- Aralarrek ezkerretik eragingo duen udal politika parte-hartzailea egiteko konpromisoa hartu du
- Aralarrek Espainiako Erregeari bere kargua desagerrarazteko proposamena egin dezala eskatu dio
- Aralarrek lan bilera egin du, indarkeria matxistarekin nola amaitu hausnartzeko eta proposamenak lantzeko
- Aralarrek Europako Parlamentuko ALE taldearen jardunaldietan parte hartu du


