Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu du Jaurlaritzak ez duela "borondate politikorik Debagoieneko mugikortasun arazoak konpontzeko"

Aralarrek salatu du Jaurlaritzak ez duela "borondate politikorik Debagoieneko mugikortasun arazoak konpontzeko"

2010/03/17
  • Erostarbe
  • Garraio Saila
Alderdi abertzaleak tranbiaren beharrizana aldarrikatu du Legebiltzarrean “Debagoieneko biztanleek duten mugikortasun arazoak konpontzeko”, eta sozialistei leporatu die Gipuzkoan “herritarren arazoei konponbidea bilatzen ari ordez hauteskundetara begira aritzea”.

Debagoieneko tranbia bultzatzeko Aralarren legez besteko proposamena eztabaidatu da Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio batzordean. PSEk eta PPk bat egin dute ekimena atzera botatzeko. Aralarrek egindako proposamenak “Debagoieneko herriak lotuko dituen tranbia ezartzeko egutegi, plangintza eta txosten tekniko zehatza” egitea eskatzen zion Eusko Jaurlaritzari. Alderdi Sozialistaren bozeramaile Txarli Prietok esan du egitasmoak ez duela adostasun zabala izan, eta horren adierazgarri jarri ditu proiektuak jaso dituen alegazio kopurua, bostehun inguru.

Aralarren legebiltzarkide eta Elgetako alkate Oxel Erostarbek “argudio hori aitzakia hutsa dela” salatu du: “azpiegituraren egokitasunaren inguruan egon badago adostasun zabala, hau da, tranbia ezartzea da mugikortasunak sortzen dituen arazoak konpontzeko hartu behar den neurrietako bat”.  Alegazio kopuruaren harira ere esan du “Eusko Jaurlaritzari argi eta garbi adierazi diotela Debagoienako alkateek  badagoela  adostasunera heltzeko beharra eta borondatea”. “AHTren proiektuak alegazio gehiago izan zituen, eta hala ere behin eta berriro errepikatu dute egitasmo horrek adostasun zabala duela”, kritikatu du Elgetako alkateak.

Aralarren ordezkariak azaldu du ekimenak jasotzen zuen moduan “epeak finkatu behar direla, egutegia eta plangintza ezartzeko eta txosten teknikoa burutzeko”. Horrela bultzatu nahi izan du alderdiak Debagoieneko tranbia, “eskualdeko biztanleek duten mugikortasun arazoak konpontzeko eta  Debabarreneko tren sarearekin konektatzeko beharrezkoa den egitasmoa”. Alderdi sozialistaren ezezko botuak “borondate politikorik ez dagoela argi eta garbi utzi du”, esan du Erostarbek. “Ez daukagu oso argi alderdi sozialistak ze asmo duen Gipuzkoarako, neurri elektoralistak hartzeaz aparte”, leporatu die. “Tranbia nahi duten edo ez lehenbailehen esateko" eskatu dio Jaurlaritzari Aralarrek.

Aralarren iritziz , halaber, “Gipuzkoako trenbide sarea zaharkitua geratu da eta ezinbestekoa da Jaurlaritzak gipuzkoarren beharrei erantzungo dien trenbide sarea egokitzeko lanari ekitea”. “Alderdi sozialista egunero ari da Donostiako metroaren harira adierazpenak egiten.  "Helburuak izan behar du trenbide sarea berritu eta metro frekuentziaren zerbitzua Gipuzkoa osora hedatzea”. Aralarrek Legebiltzarrean berriro gogoratu nahi izan du “Debagoieneko tranbia beharrezkoa dela eta proiektuak adostasun zabala lortu duela: mugikortasun arazoei irtenbidea emango dio,  Debabarreneko  trenbide sarearekin lotzeko balioko du eta ingurumen abantaila jakinak dira”. Aralarren iritziz “nahikoa arrazoi dira Jaurlaritzak urratsak ematea exijitzeko”.