Aralarrek salatu du Donostiako goi-bileran Jaurlaritzak "atezain" papera jokatu duela
- Europa
- Jon Abril
- Irazabalbeitia
“Deigarria da”, gaineratu du Abrilek, “Espainiako Gobernua aritu izana Ikerketa eta Berrikuntza ataletan ere gure bozeramale, EAEn alor horietarako inbertitzen dena BPGren %1,96 den bitartean (%2,25era heltzeko helburuarekin), Espainian %1,27-koa da. Euskadikoa estatuko erkidegorik aurreratuena denean gai horietan, ez dugu ulertzen inor guri lezioak ematera etortzea. Hala izanda ere, ez dugu gure jakintza zabaltzeko, gure eskarmentua azaltzeko eta gure ikuspegia eskaintzeko biderik izan”.
Abril Inaki Irazabalbeitia Europako Parlamentuko Aralarreko ordezkariarekin eta Ainhoa Beola Donostiako Udaleko zinegotziarekin batera agertu da gaur goizeko prentsaurrekoan. Irazabalbeitiak salatu duenez, “orokorkeriaz beteriko eta konpromisorik gabeko agiria da Donostiakoa. Europatik etorritako ministroen artean hutsune nabarmenak egon dira, eta inolako ondorio praktikorik gabeko goi bilera izan da”. Abrilek azpimarratu duenez, “indarrean dagoen eredu kapitalista bere horretan mantentzera datorren goi bilera da, sistema eta eredua kuestionatzen ez dituena, eta munduaren Iparra eta Hegoaren arteko bereizketa handitzea baino ez dakarrena. I+G+B politikek emakumearen ikuspegia txertatu behar dute, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunean sakontzeko balio behar dute”.
“Europarren dirua xahutu dute, inolako erabakirik ez hartzeko, eta arazoaren muinari heldu gabe”, adierazi du Irazabalbeitiak. “Berrikuntza, Ikerketa eta Garapen arloetan Europak hartu beharreko noranzkoa zehaztea helburu behar luke goi bilerak, baina ez da horrelakorik gertatu, ez bestelako neurririk, konpromisorik, edota gizartea jakintza zientifikoan hezteko ildorik. Donostiako agiriak ez die gobernuei gehiago inbertitzeko eskaririk egiten, eta ez du gutxieneko inbertsio kopuru bat ere zehazten”.
Aralarreko ordezkarien ustean, Donostiako Agiriak agerian uzten du maila erretorikoaren eta errealitatearen arteko aldea sekulakoa dela. “Donostiako bilkuran zientzia eta berrikuntza sustapen ekonomikoaren erdigunean jarri nahi izan dute. Tamalez, Europako herrialde gehien-gehienetan errealitatea bestelakoa da, eta ez zientziak, ez berrikuntzak, ez ikerketak, ez dute inolako zentralitaterik gobernuen politiketan eta hauen aurrekontuetan. Espainiako Gobernuak ere, krisi sakonaren erdi-erdian, murrizketa handiak egin ditu zientzia, teknologia eta berrikuntzaren eremuan”, salatu du Irazabalbeitiak.
Garmendia Espainiako ministroak zientzia kohesio soziala sustatzeko erabili behar dela eskatu duela gogoratu du Europako Parlamentuko Arakarreko ordezkariak. “Bat dator horretan Aralar, baina tamalez, azkeneko hamarkadan bestelako emaitzak ikusi ditugu. Lisboako estrategiaren porrota, eta zientzia arloan enpresa interesak gailendu izan dira behin eta berriz, eta hauek, gehienetan, ez dira bateragarriak kohesio sozialaren ildoarekin. Urrutira gabe, A gripearekin gertatu dena dugu, enpresa farmazeutikoen interesak gailendu baitira Osasunaren Mundu Erakundearen ustezko perfil soziala berari baino”. Irazabalbeitiak gaineratu duenez, “Aralarrek Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren beharra azpimarratu nahi du, baina kontrol sozialaren mekanismoak aktibatzeko beharra inoiz baino agerikoagoa da”.
Zientziaren arloan Aralarrek gutxieneko lau konpromiso hauek eskatzen ditu:
1. Ikerkuntza, berrikuntza eta garapenak gobernuen politiketan zein aurrekontuetan zentralitatea hartzea, eta ikerketa publikoa eta solidarioa bultzatzea. Diru publikoarekin egiten den ikerketak publikoa izan behar du, eta ikertzaileen duintasuna bermatu behar du.
2. Ikerkuntzak, eta zientziak oro har, ez dute ez oztopo, ez murrizpen ideologikorik behar
3. Zientziak eta teknologiak herritarren ongizatea izan behar du helburu, eta gizarte kohesioan sakontzeko balio behar du, garapen ekonomikoan zentratu baino. Zientziak eta teknologiak kontuan hartu behar ditu gizateri moduan dugun erronkarik handiena: ingurumenarena. Zientziak eta berrikuntzak planetaren oreka ekologikoa kontuan hartu behar ditu.
4. Gizartea jakintza zientifikoan hezteko konpromisoak hartu behar dira.
Albiste erlazionatuak
Europa
Jon Abril
- Aralarrek ezkerretik eragingo duen udal politika parte-hartzailea egiteko konpromisoa hartu du
- Aralarrek Espainiako Erregeari bere kargua desagerrarazteko proposamena egin dezala eskatu dio
- Aralarrek lan bilera egin du, indarkeria matxistarekin nola amaitu hausnartzeko eta proposamenak lantzeko
- Aralarrek Europako Parlamentuko ALE taldearen jardunaldietan parte hartu du


