Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu du alde bakar bateko biktimen eguna bihurtu dutela memoria eguna

Aralarrek salatu du alde bakar bateko biktimen eguna bihurtu dutela memoria eguna

2010/11/08
  • aralar
  • biktimak
  • Rebeka Ubera
  • Beola
  • Murgia
Aralarreko erakunde desberdinetako ordezkariak prentsa aurrean izan dira gaur, goizeko hamaiketan Bilboko Carlton hotelean memoria egunaren inguruan PSOE, PP eta PNV egiten ari direna salatzeko eta horren harira egingo diren ekimenak aurkezteko. Bertan izan dira, Rebeka Ubera, Iosu Murgia eta Iñaki Aldekoa, Aralarren batzarkideak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, hurrez hurren, eta Donostiako zinegotzi Ainhoa Beola.

Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea eta Aralarreko idazkariak salatu duenez, “Hasieratik jada hanka motz sortzen den ekimena da. Hala irizten diogu Terrorismoaren Biktimen Zuzendaritzak biktimen aitortzatik memoriara jauzia egin behar dela proposatzen duenean, biktima guztien biktimen errekonozimendua egin gabe dago-eta. Motibazio politikoak eragindako biktimen gaineko txostena oraindik Legebiltzarrean aurkeztu gabe dagoela gogoratu behar dugu”.

Uberak esan duenez, “hiru alderdiren artean adostu dute testua, erakunde arteko akordio baten aitzakian eta, hain justu, erakundeetako presidentziak alderdi horien esku daudelako. Baina, ahaztu egin dute erakunde arteko adostasun batera gehitzeko, lehenengo eta behin, erakundeetan gehiengo osoz, aho batez, lortu behar dute adostasuna”.

 Aralarren idazkari nagusiak “joko partidista” egitea leporatu die PSE, PP eta EAJri eta adierazi du ezin dela esan Memoriaren Egunaren aurrean gaudenik. “Joko partidista eta alde bakarreko baten aurrean gaude, bidegabeki biktimak iraintzen dituena. Horregatik exijitzen dugu ikuspegi inklusibo batetik abiatzea frankismoaren biktimei eta estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larrien biktimek ere badaukaten memoriarako eskubidea aitortzeko”.

Bere aldetik, Iosu Murgiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Aralarren ordezkariak eta Aralarren Bizkaiko koordinatzaileak adierazi duenez, “testuak herri honetako biktimen alde bateko ikuspegia jasotzen du, erabat onartezina iruditzen zaigu hori, memoriaren egunak izan beharko lukeenaren kontra doa; hau da, etorkizunerako oinarri konpartituak ezartzeko balioko lukeen gertatutakoaren gaineko ikuspegi kritikoa egitearen kontra”.

Hala, Aralarren ordezkari instituzionalak Legebiltzarraren aurrean bilduko dira asteazken honetan biktima guztientzat errekonozimendu guztiak eskatzeko, batetik, eta erakundeetan legez besteko proposamenak aurkeztuko ditu Aralarrek, memoria egunak biktima guztiak gogora ditzan: “frankismoaren biktimak, ETAk eta beste talde armatuek eragindako biktimak eta estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larrien biktimak. Ukatu zaigun eztabaida eraman nahi dugu euskal gizartearen ordezkaritza dagoen legebiltzar, batzar nagusi eta udaletara. Eztabaida publikoa eta instituzionala izan dadila nahi dugu eta ez, gertatu den bezala, gero komunikabideetara eraman den eta aurretik ezkutuan hiru alderdiren artean egin den akordio baten ondorio”

 

Prentsa aurrekoa

 

 

Albiste erlazionatuak