Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek salatu du “URA agentziak ez duela itsas lehorreko jabego publikoa zaintzen eta babesten”

Aralarrek salatu du “URA agentziak ez duela itsas lehorreko jabego publikoa zaintzen eta babesten”

2010/05/18
  • maeztu
  • ingurumena
  • praileaitz
Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk, Ingurumen batzordean, salatu egin du URA agentziak bere “funtzioen utzikeria” egiten duela, Debako Sasiola auzoan dagoen Zeleta enpresaren kasuan. Izan ere, “behin baino gehiagotan arau-haustea egin duen enpresa batez ari gara, eta zaindu beharreko gune kultural eta paisajistiko batez”. Maeztuk gogoratu du, gune horretan kokatzen dela Praileaitz koba, “kultura departamenduak ondare izendatu zuena, gunea babesteko dekretutik kanpo utzi zuen arren mendi-hegala. URA agentziari eman zion babesteko ardura, eta horrek arduragabe jokatu du”.

 

Aralarren legebiltzarkidearen iritziz, “agerian geratu da Zeleta enpresak hainbat aldiz arau-hausteak egin dituela eta itsas lehorreko morrontza duen gune baten harria ateratzen jarraitu duela, kosta legeak debekatu egiten duen arren". "Horren aurrean, URA agentziak egin duen gauza bakarra ikuskatzailea bidaltzea izan da, eta enpresak sarrera oztopatu ostean, kanpo-ikuskaritza egitera mugatu da”, salatu du Dani Maeztu legebiltzarkideak.

"URA agentzia Sasiola auzoko enpresaren kontrako espedientea irekitzearen kontra agertu da, sortarazi dituen kalteak begi bistakoak izan arren”, adierazi du Maeztuk. Ildo horretan, Aralarrek exijitu egin dio URAri “bere eginkizunekin bete dezala, legeak agintzen dizkion kontrol, zaintza eta zigortzeko funtzioekin”.

“Ez da onargarria agentziak legearekin betearazteko ahalmen osoa izanik, dituen eginkizunekiko axolagabe jardutea, arau-hausteak egiten dituen enpresa baten kasuan; babestu beharra dagoen ingurune baten gainean ari gara, gainera”, gehitu du Maeztuk. Legebiltzarkideak gogoratu duenez, kultura departamenduak “ondare” izendatu zuen ingurune horri, Praileaitz kobaren ingurunea, eta URA agentziari eman zion berau babesteko agindua. “Agentziak, ordea, kanpoaldeko ikuskapenak egitera mugatu du bere zaintza-lana, inongo zigor neurririk hartu gabe, horretarako gaitasuna baduen arren”.

Aralarren ordezkariak Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio, “era horretako gertaerek agerian uzten dutela ezinbestekoa dela ingurumenaren kontrako erasoak saihesteko eta ingurunea babesteko talde propioa sortzea Ertzaintzaren barruan; Aralarren ekimenez, mandatu horixe eman zio Legebiltzarrak Jaurlaritzari eta, bihar bertan, horren gainean azalpenak ematera agertu beharko du Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek Legebiltzarrean.