Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek proiektu politiko-ekonomiko propiorik ez izatea leporatu dio Jaurlaritzari

Aralarrek proiektu politiko-ekonomiko propiorik ez izatea leporatu dio Jaurlaritzari

2010/12/09
  • aurrekontuak
  • ezenarro
  • 2011
2011ko EAErako aurrekontuei egindako osoko zuzenketa defendatu du gaur Aralarrek Legebiltzarrean. Taldeko bozeramaile, Aintzane Ezenarrok, adierazi duenez, "aurrekontu proiektuaren itzultzea eskatzen dugu proiektu politiko eta ekonomiko propiorik ez eta “deslegitimazioaren” ikurrari eusten dion gobernuaren aurrekontu murritzaile hauek ez direlako euskal gizarteak behar dituenak".

"Krisiari erantzun soziala emateko ez dute balio aurrekontuek, ez gure hizkuntzaren bultzada emateko, ezta ere hain premiazko dugun bakea eta adiskidetzea bultzatzeko". Hala azaldu du Ezenarrok osoko bilkuran eta hori dela eta, aurrekontuak gobernuari itzultzea eskatu du Aralarrek.

Ezenarrok salatu duenez, "gobernuak berak dituen arazoei aurre egitea bilatzen du aurrekontuarekin eta ez gizartean arazoak dituzten herritarrei erantzutea". Are gehiago, "aldaketaren gobernua titulutik harago, gobernuak ez du proiekturik", iritzi dio Aralarren bozeramaileak. 

Aralarren bozeramaileak plenoan esan duenez, "indarkeriaren deslegitimazioa zuen bandera eta misio bihurtu dituzue. Horixe erakusten dute 2011ko aurrekontuek. Agerian uzten dute alderdi sozialistaren gainbeheraren beldur zaretela eta botoak eskuinera joateko beldurrez, haiei begira ari zarete PPren politikak egiten".

PSEk eta PPk Legebiltzarrean duten gehiengo absolutua tarteko, bertan behera geratu dira aurkeztutako osoko zuzenketa guztiak.

 

Diskurtsoa osorik