Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek PPri leporatu dio adostasunaren gainetik desadostasuna jarri nahi izatea, zarata politiko-mediatiokoa sortuz ETA garaitzeko estrategian Rubalcabarekin nor baino nor arituz

Aralarrek PPri leporatu dio adostasunaren gainetik desadostasuna jarri nahi izatea, zarata politiko-mediatiokoa sortuz ETA garaitzeko estrategian Rubalcabarekin nor baino nor arituz

2010/03/25
  • bakea
  • PP
  • ezenarro
  • indarkeria
Aralarrek gogor kritikatu du PPk “Faisan auziaren eztabaidari eutsi izana Legebiltzarraren adostasun osoa duen gaitzespen testua irakurriko den egun berean”. Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, “ETAri alde bakarreko eta behin betirako su-etena eskatzen diogun tinkotasun berberarekin, gobernuari eskatzen diogu –su-eten aldebakarreko eta behin betiko hori dagoenean–, indarkeriaren zikloari herri honetan bukaera elkarrizketatua eta ordenatua eman behar zaiola, horrela bakarrik bermatuko delako bake iraunkorra.

 

Aralarren bozeramailearen iritziz, “PP Madrilen bezala hemen ere zarata politiko-mediatikoa atera nahian ari da; hauteskundeak hurbildu ahala, ustez emaitza onak emandako gaia errekuperatu dute: Euskal Herriko bakerik eza. Era lotsagabe baten indarkeriaren erabilera politika egiten du berriro ere PPk”. Ildo horretan, Ezenarrok gogor kritikatu du PPren ordezkariak Faisan kasua terrorismoaren kontrako borrokan egon den gairik larriena dela esan izana. “GAL ahazteaz gainera, Jon Anzaren heriotza ere ahaztu du PPk, auzi horren bertsio ofizialak euskal gizartearen gehiengo baten aurrean zalantza asko sortu arren.

Era berean, bozeramaile abertzaleak gogor kritikatu du Legebiltzarraren adostasun osoa duen gaitzespen testua irakurriko den egun berean, PPk desadostasunaren argazkia atera nahi izana. “Nahiago izan duzue adostasunaren argazkiaren aurretik desadostasunaren argazkia jartzea. Batzuk nahi izango lituzketen epitetoak alde batera utzita, eta beste batzuk gureak ez diren hitzak jarrita ere, adostasuneko testua sinatu dugu Legebiltzarrean argi adierazteko indarkeriaren aurrean baditugula gutxieneko batzuk konpartitzen ditugunak: elkartasuna eta gaitzespena. Zuek, hala ere, zintzotasunezko ariketa horren gainetik ETA garaitzeko estrategian Rubalcabarekin nor baino nor aritzea nahiago duzue. Estrategia partidista hutsagatik”. Ezenarroren iritziz, PPk ez du bakea bilatzen. “Bilatzen duzuena garaipena da eta garaipen polizialetik harago garaipen politiko eta soziala. Baina horrek ez du bakerik ekartzen. Bake iraunkorra bilatzen dugunok, eta bakea iraunkorra izateko ezinbestekoa da, irabazle eta galtzaile eskema alde batera utzita, guztien elkarbizitza bermatuko duten akordio politikoak bilatze ditugu; ez dagoelako beste biderik”. Hori dela eta, Aralarren bozeramaileak adierazi du, “ETAri su-eten alde bakarrekoa behin betirakoa eskatzen diogu tinkotasun berberarekin eskatzen diogu gobernuari –su-eten aldebakarreko eta behin betiko hori dagoenean– indarkeriaren zikloari herri honetan bukaera elkarrizketatua eta ordenatua eman behar zaiola, horrela bakarrik bermatuko delako bake iraunkorra”.

“Zuek garaipenaren eskeman zaudete; gu, berriz, akordioaren eskeman. PPk, ordea, nahiago izan du desadostasuna mahai gainean jarri eta horren aurrean argi adierazi beharra dauka Aralarrek: bukaera elkarrizketatua da bake iraunkorra bermatuko duen bakarra Euskal Herrian”.

Albiste erlazionatuak