Aralarrek osoko zuzenketa egin die 2011ko EAEko aurrekontuei “gobernuak politikoki garatu nahi duen frentismoaren isla direla”
- aurrekontuak
- jaurlaritzak
- 2011
“Inoiz baino arrazoi gehiagorekin aurkeztu diren zuzenketak dira Aralarrek proposatzen dituenak. Iazkoa baino aurrekontu murritzago baten aurrean gaude; oinarrizko zerbitzuetan murrizketa nabarmenak eman dira”, salatu du Ezenarrok, “ eta Europako merkatuek eta Zapateroren politikaren bidetik mimetismoaren aukera hartu dute”.
Aralarren legebiltzar taldearen iritziz, “gobernuak politikoki garatu nahi duen frentismoa aurrekontuetan ere islatzen da ”. “Ez dago ezer frentistagorik sufrimenduaren ikuspegi murritza azaldu nahi izatea baino, eta bakea irabazle eta galtzaileen arteko bake moduan eraiki nahi izatea baino. Asteburu honetan bertan Lopez lehendakariak adierazi du hori, hau da, gobernuak irabazle eta galtzaileen arteko bakea eraiki nahi duela". Ezenarroren irudikoz, "medio publikoak eta indarkeriaren deslegitimazio plana, esaterako, horretara bideratu nahi dituzte”. Horregatik guztiagatik osoko zuzenketa aurkeztu dio Aralarrek 2011ko EAEko aurrekontu proiektuari.
Hezkuntza eta Kultura batzordeetako Aralarren ordezkari Mikel Basabek “gobernuaren kontraesanak” aipatu ditu arlo horietan ere zuzenketak aurkezteko Aralarrek izan dituen argudio moduan. “Kontraesan nabarmenak ditu gobernuak, teoria oso garbi izanda ere ez du jakin praktikara eramaten”, azaldu du Basabek. Hiru adibide jarri ditu: “Hezkuntza sailean, teorian, hizkuntza ofizial bien ikasketa bultzatzea da apustua; maila praktikoan, ordea, A ereduak iaz baino lau milioi euro gehiago izango ditu. Hizkuntz politikan ere herritarrei esaten zaie askatasunean aurrera egin behar dela; praktikan , ordea, ikusten dugu euskara ikasteko bekak %20 jaitsiko direla eta administrazioan hizkuntza aukera bermatzeko ez dagoela diru partidarik”. Kontraesan horien hirugarren adibide moduan ETBren kasua aipatu du Basabek: “ Euskarazko eskaintza bultzatu behar dela eta, horrek aurrekontuetan islarik ez”. “Albistegietan gobernuaren eta alderdi popularraren arteko hitzarmena islatu gura izatea eta Nafarroan ETB LTD bitartez ikusi ahal izateko diru partidarik ez egotea” ere salatu du Basabek.
Bestalde, Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk gogoratu du “murrizketak oso esanguratsuak direla arlo sozialean . "Osasun arloan, esaterako, BPGren %4,4 inbertitzen dugu, Europan egiten dena baino 2 puntu azpitik; inbertsioak iaz baino %3,5 gutxiago dira". Maeztuk salatu duenez, Osasun sailak jada ekin dio murrizketei, adibide ekimen zehatzekin; hala, asteburuetan osasun zentroak ixtea eta pediatria zerbitzuak murriztea gogora ekarri ditu Aralarren legebiltzarkideak. Etxebizitza sailaren politika ere kritikatu du Maeztuk. Jabetzaren alde egiten segitzen duela salatu du, alokairuaren aldeko benetako apustua egin beharrean. Hori dela eta, aurrekontu legean bertan sailak sartu duen etxeak jabetzan sustatzen dituztenenko Sailak sortzea proposatu duen diru funtsa kentzea proposatu du Aralarrek.
Albiste erlazionatuak
aurrekontuak
- "Aurrekontuei egindako zuzenketa bakar bat bera ere negoziatzeko borondaterik erakutsi ez duen gobernu baztertzaile eta frontista baten aurrean gaude"
- Aralarrek proiektu politiko-ekonomiko propiorik ez izatea leporatu dio Jaurlaritzari
- Aralarrek “murritzailetzat” jo ditu 2011rako Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak


