Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek ohartarazi du krisialdiak gobernu aldaketa baino neurri sakonagoak behar dituela

Aralarrek ohartarazi du krisialdiak gobernu aldaketa baino neurri sakonagoak behar dituela

2010/10/20
  • Patxi Zabaleta
  • Krisia
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak gaur goizean Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, “beharrezkoa” zen Espainiako Gobernuak aldaketak egitea. “Inkestek behin eta berriro agertzen zuten Zapateroren gobernuaren irudia gero eta okerragoa zela gizartearen aurrean, eta gainera, PPk ere 14-15 puntuko aldea ere kentzen diola”.

Baina Zabaletak azpimarratu duenez, “Gobernuan aldaketak egitea ez da aski. Badaude arazo oso sakonak, besteak beste hainbesteko langabezia, eta estatu batek ez dezake ezin dezake jasan lau milioi eta erdiko langabe kopurua. Hori ezin da ulertu nola gertatu den, eta ezin da ulertu horri itzulia nola eman dakiokeen, baldin eta ez badira aldaketa oso sakonak egiten. Gobernu aldaketa soilik izan daiteke horren hasiera”.

“Behar dira aldatu gobernatzeko moduak, lehenespenak, eta baita ere sakoneko aldaketak egin egitura finantzieroetan, industrialetan, ingurumenaren zaintzan…”, esan du Zabaletak. “Hainbeste eta hainbeste arlotan oso aldaketa sakonak egin behar dira, bizi dugun krisialdia globalaz gainera egiturazkoa ere badelako”.

Bestalde, eta bakegintzari eta normalizazio politikoari dagokionez, Aralarreko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du Espainiako Gobernua “dauden aukerei men egin beharrean, neurri kontraesankorrak hartzen ari dela, PPrekin esku hartuta”. Zentzu horretan, “demokraziaren aurka eta etorkizunean zabal daitezkeen ateen aurka” ari dela agertu du.