Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Lopezi eskatu dio "argi dezala murrizketekin aurreztu nahi dituen errekurtsoak nora bideratuko dituen"

Aralarrek Lopezi eskatu dio "argi dezala murrizketekin aurreztu nahi dituen errekurtsoak nora bideratuko dituen"

2010/06/07
  • ekonomia
  • ezenarro
  • lopez
  • krisia
"Ez da onargarria, gaur gaurkoz oraindik ez ezagutzea nora bideratu nahi dituen aurrezteko asmo dituen errekurtsoak. Legebiltzarrean egindako agerraldian ez zuen azaldu, eta sektore publikoaren lan sarien murrizketen aplikazioa azaltzeko prentsaurrekoan ezta ere. Euskal gizarteak jakin beharra dauka aurreztuko diren errekurtsoak zor publikoaren defizita murriztera bideratuko dituen, ala bestelako helburuetarako izango diren", adierazi du Legebiltzarreko Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok. Hori dela eta, sesio-aldia amaitzeko geratzen den azkeneko kontroleko plenoan horixe bera galdetuko dio Lopez lehendakariari: argi dezan defizita murriztera ala bestelako helburuetarako diren murrizketekin aurreztu asmo dituen errekurtsoak.

 

Ezenarroren ustez, "erabat salagarria da astebete igaro ostean ez ezagutzea oraindik zein den lehendakariaren asmoa. Era berean, deigarria egiten zaigu, Zapaterok iragarritako defizita murrizteko planaren ze zati dagokion gure erkidegoari". "Izan ere, neurri hori erabakitzeko eskumena duen batzorde mistoak ez du hitzordurik jarri eta inork ez du argitu zergatik atzeratzen ari den", gogoratu du Ezenarrok.

Aralarren bozeramailearen iritziz, "horrek agerian uste du defizita murrizteko guri dagokigun zatia zenbatekoa den ez jakiteaz gainera, euskal gizarteak ez dakiela aurreztu asmo dagoen diru hori defizita murrizteko ala bestelako helburuetarako erabiliko den". "Lopezek iragarri zuen bere asmoa zor publikoa murriztetik harago zihoala, baina ez zuen bestelako zehaztasunik eman", salatu du Aralarren bozeramaileak. "Horrek erakusten digu Zapateroren neurriekin mimetizatzetik harago, inprobisatu besterik ez duela egiten Lopezek. Bera da agintari bakarra ez duena iragarri murrizketekin lortuko dituen errekurtsoak zertara bideratu nahi dituen".

Hori guztia argitzeko asmoz, Aralarrek sesio-aldia amaitzeko geratzen den kontroleko azkeneko plenoan propio galdetuko dio Lopez lehendakariari aurreztuko dituen errekurtsoak defizita murrizteko ala ze helburutara bideratuko dituen. Era berean, idatziz erantzuteko hainbat galdera erregistratu ditu Aralarrek, guztiak ere Lopezi bideratuak, "plenoan aurreratu, baina zehaztu ez zituen murrizketak eta egitasmoak nola gauzatuko dituen azal dezan".

 

Albiste erlazionatuak