Aralarrek Lopezi eskatu dio “proposamen zehatza ekar dezala Legebiltzarrera, zerga politikan arautzeko eskumena izan dezan”
- Maeztu
- fiskalitatea
- Basabe
- Legebiltzarra
Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk eta Mikel Basabek prentsaurrekoa eman dute gaur Eusko Legebiltzarrean, taldeak 2012an izango dituen lehentasunak azaltzeko. Lopez lehendakariak zerga politikaren harira hartu dituen azken neurriak salatu dituzte, Lopezek egiten duena “bidezidorretatik ibiltzea eta partxeak jartzea” dela kritikatuta. Horren aurrean, Aralarren proposamena “marko arautzailearen aldaketari heltzea” da, ikuspuntu oso batetik. Marko arautzaile horren barruan, salbuespenik gabe, Lurralde Historikoen Legea (LHL), Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoaren beharrezko aldaketak gauzatzeko. "Ezinbestekoa da bidezidorretatik harago zerga politikaren inguruko eztabaida publikoa behingoz gauzatzea eta horretarako legeen aldaketarako eztabaida Legebiltzarrean egin beharra dago".
“Lehendakariak 2 urte daramatza fiskalitatearen inguruko hausnarketa egin behar dela aldarrikatuz, eta hala ere, gobernuaren lege egutegian ez dago arlo horretako lege proiekturik”, kritikatu dute. “Legebiltzarrari zerga politikaren gaineko eskumenik eman gura badio, krisiari diru sarrerak ere handituz aurre egin gura badio, badaki zer egin behar duen, LHL, Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa aldatzeko lege proiektuak Legebiltzarrera ekarri”, esan diote Lopezi.
Fiskalitatea jorratzen duten ekimenez gain, beste zenbait proposamen ere iragarri ditu Aralarrek, gehien bat, "krisiaren aitzakiarekin egiten diren murrizketei ezkerreko ikuspegitik aurre egiteko". Hasteko, Maeztuk eta Basabek iragarri dute lehendakariari interpelazioa egingo diotela, gobernuak funtzio publikoan egiten diharduen murrizketen harira. Interpelazioaren ondoren mozioa aurkeztea da Aralarren helburua. “Ulertezina da hartu dituen neurri bakarrak langile publikoen erosketa ahalmena ahultzeko izatea. Krisi garaian, sektore publikoa indartzea eta langile publikoen eskubide sozialei eusteko” lan egingo dutela adierazi dute alderdiko bozeramaileek.
Bestalde, legez besteko proposamena aurkeztu du Aralarrek. “Jaurlaritzak, diru publikoa kudeatzen duen heinean, banketxeekin duen harremana berrikustea gura dugu”, azaldu dute. Alderdiaren aurreikuspenen arabera, 10.000 milioi euroko ondarea kudeatzen dute Jaurlaritzarekin lan egiten duten banketxeek, eta “beharrezkoa da erakunde horiei kontratu etiko jakina” eskatzea. Tartean, hipoteka ordaindu ezin dutenentzako neurriak ere aurreikustea da asmoa, “kaltetuek etxebizitza bankuari itzuliz zorra kitatzea”, alegia.
Bukatzeko, 2020 urte arterako gobernuak iragarri duen energia estrategia ere aipatu dute. “Eztabaida politikorik gabe” onartzea leporatu diote gobernuari eta ekimena aurkeztuko dutela esan dute, estrategia hori Legebiltzarrera ekartzeko. Gai honi garrantzia berezia eskaini diote, “krisia ez baita finantzarioa bakarrik”. “Eredu oso baten krisiaren aurrean gaude eta beharrezkoa da errotik aldatzea garapen eredua, eredu energetikotik hasita”.
“2012an ere ganbera honetako oposizioko ezkerreko ahotsa izaten jarraitzea tokatuko zaigu”, adierazi dute Basabek eta Maeztuk.
Albiste erlazionatuak
Maeztu
fiskalitatea
Basabe
- Basabe: “Zigorgabetasunik mezurik ezin zaio eman giza eskubideen errespetuaren berme izan behar duen polizia demokratikoari”
- Aralarrek bere poztasuna adierazten du D ereduak berriz gora egin duelako
- Bazterketarik gabe, bakegintza lantzeko lan taldea eratzea eskatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- Aralarrek euskal herritarren arteko elkarbizitzarako itun berria proposa dezala exijitu dio Lopezi
Legebiltzarra
- Bakegintzan eta elkarbizitzan aurrerapausoak emateko “ezinbestekotzat” jo du Ezenarrok lan talde irekia eratzea Legebiltzarrean
- Kutxen izaera soziala eta gizartekitza bermatzeko zuzenketak egin dizkio Aralarrek kutxen legeari
- Aralarrek bere poztasuna adierazten du D ereduak berriz gora egin duelako
- Bazterketarik gabe, bakegintza lantzeko lan taldea eratzea eskatu du Aralarrek Legebiltzarrean


