Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek larritzat jo du gizarte zerbitzuen legeak aurreikusten dituen zerbitzuetako batzuk martxan ez direla jarriko onartzea

Aralarrek larritzat jo du gizarte zerbitzuen legeak aurreikusten dituen zerbitzuetako batzuk martxan ez direla jarriko onartzea

2010/05/27
  • ezenarro
  • krisia
  • ekonomia
  • dekretua
  • lopez
Aintzane Ezenarrok salatu egin du Patxi Lopezek ez duela argitu Espainiako gobernuaren dekretuak derrigortzen dituen murrizketa zenbaten eragingo digun. Are gehiago, lehendakariaren jarrera “pose hutsa dela” salatu du “betiko jendeari gerrikoa estutzea eskatzen ari zarelako, baina zerga politika aurrerakoiagoa egiteko neurri zehatzik ez duzulako proposatzen”.

 

Aralarrek eta talde mistoak eskatuta Patxi Lopezek agerraldia egin du osoko bilkuran. Helburua argia zen: Zapaterok kongresuan aurkeztutako dekretuan EAEn izango duen eragina zenbatekoa izango den argitzea. “Ez duzu zehaztu defizita murrizteko neurriek aurrekontuetan izango duten eragina zenbatekoa izango den”, leporatu dio Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok. “Datu zehatzak eskatzen ari gara, defizita murrizteaz ari bagara zehaztu egin beharra dagoelako”, aldarrikatu du Ezenarrok, “bestela ez du sinesgarritasunik plan horrek”.

Defizita murriztu beharra dagoela onartuta ere, “badira beste bide batzuk horretarako”, gogoratu du Ezenarrok. Baina, jakina EAJrekin egonkortasun hitzarmena sinatu zenuen zerga politika bere horretan uzteko, hortaz, zurea pose bat besterik ez da eta sinesgarritasuna honezkero galdu duzu”, aurpegiratu dio Ezenarrok.

Ezenarroren iritziz, “izugarria da, politika sozialetan murrizketarik ez dela egingo esan eta gero zerbitzu sozialetan aurreikusitako zerbitzuetako batzuk martxan ez direla jarriko onartzea”. Bai eta, “sindikatuekin ez elkartu izana Espainiako gobernuak onartu duen ordainsarien murrizketak nola eragingo dien azaltzeko”. Hala, Lopezi eskatu dio krisiari aurre egiteko eta defizita murrizteko neurriak hartzeko orduan, “gure nortasuna eta egoera ekonomikoa kontuan hartuta egitea eta, ezkerreko gobernua izanik, estatu soziala mantentzeko bidean neurriak hartzea eta ez, egiten ari zaren moduan, kontrako bidean”. Aralarren bozeramailearen ustez, “Lopez mimetismoz jokatzen ari da, Zapaterok Espainian hartutako neurriak imitatzen. Elkarrizketa lasaiak aldarrikatzetik, ekimenak hartzera pasatzen den lehendakaria izatera pasa, hori da eskatzen dizuguna.

Berria

Albiste erlazionatuak