Aralarrek lan bilera egin du, indarkeria matxistarekin nola amaitu hausnartzeko eta proposamenak lantzeko
- Jon Abril
- Berdintasuna
- Beola
Lan bileraren ondorioak:
Aralarrek, azaroak 25 honen bezperan, ospakizunetarako eguna baino, biharko eguna aldarrikatze eta salaketa eguna dela ekarri nahi du gogora. Emakumeen kontrako biolentziak, anitzak eta estrukturalak direla nabarmendu nahi dugu, hau da, sistema patriarkalak eragindako biolentzia dela.
Ez dugu azalean gelditu nahi, izebergaren tontorrari begira. Biolentzia fisikoa eta sexuala identifikagarrienak eta arbuiagarrienak izan arren, bestelako biolentziak ere ekarri nahi ditugu gogora, azaroaren 25aren bezperan:
- Biolentzia ekonomikoa. Finantza krisian murgilduta gauden garai hauetan, krisiak emakumeak bereziki astintzen ditu, lan prekarietatera eta baldintza laboral duinen ukapenera oraindik eta gehiago bultzatuz.
- Biolentzia sozialaren bitartez, emakumeak espazio pribatuan mantendu nahi dituzte. Azken baten, zaintza, parentalitatea eta lan erreproduktiboa partekatzen jarraitu gabe jarraitzen dugulako.
- Biolentzia publikoa. Erabakiguneak eta espazio publikoak zailak zaizkio oraindik emakumeari. Espazio publikoari pribatuaren karga eransteaz gainera, espazio hauek sendoki maskulinizatuak izaten jarraitzen dute.
- Rolen eta tradizioen biolentziak, bakoitzari bere sexuaren arabera zer dagokiokeen eta zer ez zehazten jarraitzen duena.
- Biolentzia heterosexista, sexualitatearen aniztasuna legez edo sinbolikoki baztertzen duena, lesbianak, bisexualak edo transexualak estereotipatuz.
- Espazioaren okupazioaren biolentzia, gaua eta espazio publikoak ez ditugulako askatasun berdinarekin bizi ahal emakumeok eta gizonok.
- Elizen biolentzia, gure gorputzen, bizitzen eta erabakitzeko ahalmenei mugak jartzen jarraitzen dizkigutelako.
- Legedien biolentziak, abortatzeko eskubideak murrizten dizkigutelako.
- Biolentzia fisiko eta sexualak, badirelako emakume izateagatik, emakumeen bizitzaren eta heriotzaren jabe direla diotenak.
Hilketa bakoitza esaldi batekin hasten den kiribila da. Ekintza hain ohikoa da, oharkabean joan daitekeela. Indarkeria matxista gure eguneroko bizitzan sartzen da. Esaldiak ez dira neutroak, hitzak ez dira neutroak, ohiturak ez dira neutroak.
Hitz bakoitza eta esaldi bakoitza aintzat hartu beharrekoa da. Politika egiteko erabakitzen dugun modua aintzat hartu beharrekoa da. Emakumeen hilketekin amaitu nahi dugula esatea ez da nahikoa. Izebergaren tontorraren azpian dagoena ikusten ikasi behar dugu. Erreakzionatu behar dugu. Gure esku dago.
Bereziki garrantzitsua da gizonen konpromisoa. Kontra gizon gutxi azaltzeak pentsarazi diezaguke arazoak dituztela beren kondena jendaurrean adierazteko. Baina indarkeriarekin bukatzeko, beharrezkoa da gizonak ere borroka honetan inplikatzea. Gainera, inplikazio aktiboa izan behar dute eta ohiko gizon ereduarekiko jarrera kritikoa azaldu behar dute. Bereziki emakumeek pairatzen duten desberdintasunaren eta diskriminazioaren kontrako borroka sozialean parte hartu behar dute, eta indarkeria matxistaren kontrako konpromiso publiko eta aktiboa izan behar dute.
Hiru egunean behin emakume baten hilketa dakarren indarkeriaren kiribilarekin amaitu nahi badugu, kiribil hori abian ez jarri behar dugu, eta aipatutako indarkeria guztiekin amaitu behar dugu, ikusten ez diren indarkeriekin.
Biolentzia horiek guztiak salatzen jarraitu nahi dugu azaroaren 25aren bezperan; hau da, gizarte demokratikoen oinarria emakumeen eta gizonen berdintasuna izan behar dela aldarrikatuz; emakume libre, gizon konprometitu, harreman horizontal, sistema ekonomiko eta publiko ekitatiboak behar ditugula nabarmenduz. Berdintasun erreala eskatzen jarraitzen dugu gaur, atzo eta biharko moduan.
Albiste erlazionatuak
Jon Abril
Berdintasuna
- Aralar Irunen izango da, berdintasuna bermatzen duen alardean parte hartzen dutenei bere babesa adierazteko
- Aralarrek dio San Rokeko kofradiak atzera pauso nabarmena egin duela, emakumeek ezin dutela parte hartu erabaki duelako
- Aralarrek Sestaoko PSE-EEk berdintasunaren aurrean daukan jarrera hipokrita salatu du


