Aralarrek krisiari aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko neurri fiskalak berriak proposatu ditu
Krisiaren erantzun politikoetan, esan bezala, ondare publikoa eta ogasuna bakar batzuen mesedetan erabili dira. Iduri izan du batzuetan erakunde publikoak lobby pribatuen eta kapitalaren atzaparretan daudela eta, aldi berean, eragile ekonomiko handi horien kontrolerako behar bezalako neurriak hartzeko adorerik ez dagoela, oraintsu Alemanian eta Frantzian abian jarri dituzten neurri apal eta xume batzuek izan ezik.
Baina jakina, jokabide guzti horiek, alde batetik, politika sozialak –oro har- arriskuan jarri dituzte, eta bestetik, berriz, desoreka sakonak azalarazi dituzte estatu eta erakundeetako ogasun eta altxor publikoetan. Europan bertan, Grezia, Hungaria, Irlanda, Espainia, Portugal eta abarretan desoreka larrian izan dira une batzuetan kontu publikoak.
Egoera larri horretatik ondorioztatu nahi izan dena da politika fiskal neoliberalak hutsegitea izan direla edo ez dutela balio izan ekonomia akuilatzeko. Espainiako estatuan, Zapatero presidentea denetik ondare zerga ezabatu, errentan diru-sarrera handienen zamak murriztu, eta kapitalen zergak arindu ondoren, BEZa igo da. Zoritxarrez, bai EAEn, EAJ eta PPren laguntzarekin, nola Nafarroan UPN-rekin batera. Beraz, estatuan alde batetik eta EAEn edo Nafarroan bestetik, politika fiskal atzerakoiak burutu dira. Esandakoa, jakina, ulertuz eta onartuz gero politika fiskal aurrerakoi baten ezaugarriak berdintasun sozialaren xedea eta politika publikoen bitarteko nahikotasuna direla; alegia zerga zuzenak indartu –eta berreskuratu- eta aldiz, zeharkako zergen igoerak, BEZa batik bat, txartzat eman.
Lehen politika fiskal neoliberalak ezarri dituztenek diote orain aldatu egin beharko liratekeela, ikustea besterik ez dago ikasturte hasiera honetan gobernu desberdinen ahotsak, baita gurean ere. Hori bai, autokritikarik gabe eta inolako zehaztasunik gabe esaten dute, kontraesanez betetako baieztapenak eginez eta horregatik, ez dira sinesgarriak. Lehenik autokritika aldarrikatu behar zaie.
Aralarrek jarraitu egin behar du politika fiskal aurrerakoiak bultzatzen, bai politika fiskalak daukan birbanaketa zentzuagatik, nola politika sozialetarako ogasun publikoak behar duen nahikotasunagatik. Ahaztu gabe, hori bai, diru publikoaren kudeaketak zuhurtasuna ez ezik, iruzurra eta ustelkeria erro-errotik erasotzea eta ezabatzen saiatzea eguneroko egitekoa dela, nahiz eta askotan sistemaren ondorio ezinbestekoa den jakin.
Halere ezin da ahaztu politika sozialak direla, oro har, erakunde publikoen zeregin nagusietako bat, eta aldi berean, giza berdintasunaren xedean urrats nagusienetakoa. Europako eredu soziala eta, batik bat, eskubide sozial orokorrak defenditzeko ahaleginak lehenetsi behar dira.
Beraz, guk garbi daukagu erakundeetatik ezin dela jarraitu orain arte bezala, krisira eraman gaituen eredu ekonomiko bera betikotzera garamatzaten partxeoko neurriak aplikatzen, eta gure fiskalitatea kanpo zirkunstantzien menpe soilik uzten. Izan ere, momentu honetan zerbait jokoan baldin badago, ikustea besterik ez dago, Europako eredua da: orain arte bezala eredu merkantilistan jarraitzea, edo eta horri buelta eman eta benetan herritarrak, pertsonak, ardatz izango dituen eredua ezartzea.
Aralarren beti aldarrikatu dugu hemen benetako ongizateko estatua eraikitzeko fiskalitate sendo bat behar dugula. Aldarrikatzeaz gain proposamenak egin ere, egin ditugu erakundeetan, progresibotasunean sakontzeko, bakoitzak duenaren arabera ordaintzeko eta ekonomia produktiboa saritzeko, ekonomia espekulatzaileari bizkar emanez. Baina, zoritxarrez gure proposamenak orain arte ez dira aurrera atera, batzuetan egoera ekonomikoa oparoa zela aitzakiatzat jarrita eta, besteetan, krisiaren aitzakipean, kontsumoa berpiztu behar zela argudiatuz. Testuinguru horretan langileak zigortu dituen eta kapìtala saritu duen zerga politika garatu dute Foru Gobernuetatik.
Baina azken asteotan, badirudi konturatu direla, erakundeek zeramaten noranzko fiskala okerrekoa zela. Hori ematen du behintzat; eta Zapatero, maila sozialean inoiz egin diren murrizketa latzenak egin ostean, badirudi prest dagoela, kapitalari zergak igotzeko, nahiz eta beraien artean kontraesanak nabarmen diren, eta orain arte zamatu dituen langileez gain, gehien dutenen esparruari heltzeko. Hori bai, lehenengo eta behin langileria murrizketa sozialen bidez ito ostean. Noiz eta inoiz baino beharrezkoagoa denean estaldura soziala indartsua eta zabala izatea.
Ikusteko dago erabat oker jardun diren Foru Gobernuak, inprobisatuz eta planifikaziorik gabe, gehien dutenei beherapenak egiten aritu diren Foru Gobernuak fiskalitate mailan erreforma sakona abiarazteko prest dauden ala ez. Modu egokian erabiliz gero, fiskalitatea da gure erakundeek duten tresna baliagarriena eta funtsezkoena egoera ekonomikoa arintzeko; zerga politikak lotura zuzena baitu eskaintzen diren zerbitzuekin eta zerbitzu horiek eskaintzeko garatzen den ereduarekin.
Gauzak horrela, prentsaurreko honen bidez jakinarazi nahi dugu, berriro ere orain arte egin izan dugun bezala EAEko Batzar Nagusietan lanean jarraituko dugula, egoera honi buelta ematen hasteko eta ikasturte politiko hasiera honetan, aurkeztuko dugula Fiskalitatearen inguruko proposamen zehatz bat,. Ekimen horrekin ondoko neurriak proposatuko ditugu:
-PFEZko eskalaren goiko tasa igotzea %50ra. 2004an %50tik %48ra jaitsi zuten eta 2006ko abenduan %48tik %45ra.
-Kapital errentak eta lan errentak, biek, eskalaren arabera tributatzea. Kapital errenten aldeko hobariekin bukatzeko. Gogoratu kapital errentek %20ko tipo fijora tributatzen dutela.
-Ondare Elkarteek %40 tributatzea. 2008ko ekainean %18ra jaitsi zuten tasa eta 2008ko abenduan %18tik 24ra igo.
-Elkarteen Gaineko Zerga Nominala %32,6an kokatzea, kenketa egitura berraztertuz kalitateko enpleguaren alde egiteko.
-Ondare Zerga berriz ezartzea, hori bai berregituratuta.
-Iruzurraren aurkako borroko zorroztea. Ikuskaritza sendo bat berregituratuz.
-Gure eskumenekoak ez izan arren eskatuko dugu ere SICAV delakoen %koa igotzea estatu mailan. Gipuzkoan igo zan %28ra
-Aberastasun handien gaineko zerga berezi bat ezartzea.
-BEZaren igoera bertan behera uztea. Pertsonak guztiak berdin zigortzen dituelako, inongo bereziketarik gabe.


