Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Kataluniako galdeketak ezagutu ditu gertutik

Aralarrek Kataluniako galdeketak ezagutu ditu gertutik

2010/04/25
  • Katalunia
  • Jon Abril
Esquerrak gonbidatuta, Katalunian da Aralar asteburuan, independentziaren gaineko galdeketei segimendua egiteko. Igandean 210 udalerritan egingo dira galdeketak (1.200.000 biztanlek izango du botu eskubidea), eta larunbatean Bartzelonako probintziako Esparragueran egin da. Bertan izan dira Joan Puigcercos Esquerrako burua eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea, Flandria, Kortsika eta Bretainiako beste politikari batzuekin batera.

Abrilen aburuz, “galdeketek balio sinbolikotik haratago, herritarren artean erabakitzeko eskubidearen beharra aldarrikatzeko balio dute. Kopuruak baino, ariketa demokratikoa da inportantea, herritarrei hitza ematen zaiela adieraztea”. Hala, etorkinei hitza ematearen garrantzia azpimarratu du Aralarreko koordinatzaileordeak.

 

Puigcercosek azaldu duenez “Kataluniako gehiengoa independentista da, eta errealitate hori ikusi nahi ez duenak ez du onartzen galdeketa hauek egitea, eta trabak jartzen ditu”.

 

Bi agintariek azpimarratu dute Katalunian zein Euskal Herrian “atzeraezina” dela erabakitzeko eskubidearen defentsa. “Espainiako estatuak ezingo du luzaroan jarraitu ariketa demokratiko bati ateak ixten, ezin zaio sistematikoki hitza ukatu herriari”. Horregatik, “lanean segitzeko eta indarrak batzeko beharra” azpimarratu dute biek.

 

Puigcercos eta Abrilekin batera, besteak beste, François Alfonsi europarlamentari kortsikarra; Fabienne Giovannini parlamentari kortsikarra eta Eric Defoort Flandriako NVAko kidea eta Europako Aliantza Askeko (EFA-ALE) lehendakaria izan dira kontsultak jarraitzen.

 

Igandean Igualadako hainbat kolegio bisitatuko dituzte.