Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Jaurlaritzari leporatu dio “kutxen kontrol publikoaren gainean kuota politikoa handitu nahi izatea”

Aralarrek Jaurlaritzari leporatu dio “kutxen kontrol publikoaren gainean kuota politikoa handitu nahi izatea”

2011/03/04
  • Ekonomia
  • EZenarro
Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok, ekonomia sailburu Carlos Agirreri leporatu dio kutxen kontrol publikoa bermatzeko lanean aritu beharrean “kontrol publikoaren gainean kuota politikoa handitu nahia izatea” dela euren helburua. Ezenarrok interpelazioa egin dio gaurko kontroleko plenoan, azal zezan Agirrek zein den Jaurlaritzak kutxen legeari egin nahi dion modifikazioa.

 

Ezenarrok salatu egin du legea aldatzeko asmoa komunikabideen bitartez jaso izana eta ez “jardun parlamentarioan ohikoa den moduan, gobernuaren eta talde parlamentarioen arteko harremanaren bitartez”. Hala, Ezenarrok gogoratu du “Aralarrek hainbat aldiz salatu duela gobernuaren elkarrizketarako borondate falta, “are gehiago Legebiltzarrean ordezkaritza duten ezkerreko indarrekin. Elkarrizketa falta duzue eta harrokeria, berriz, soberan erakutsi duzue, bai eta Legebiltzarrarekiko errespetu falta ere”.

Jaurlaritzatik adierazi izan dutenez, ezinbestekoa da legea aldatzea ordezkaritza sistemak aldatzeko, BBNNek eta Legebiltzarrak lekua izan dezaten asanbladatan; ordezkaritza sozial eta politikoa izatea. “Baina hori ez dator bat zuen jokabidearekin, bakarrik alderdi nagusi biekin hitz egiten eta negoziatzen ari zaretelako”, leporatu dio Ezenarrok Agirreri. Horrela aritzea ez dela onargarria iritzita, Aralarren ordezkariak esan du horrek erakusten duena dela “funtsean helburu bakarra gaur kutxen gainean ez duzuen botere kuota lortzea dela”.

Forma kontuez gainera, Aralarren bozeramailearen ustez, “une honetan, eta bizi dugun bankarizazio arriskuaren aurrean, kutxen kontrol publikoa bermatzeak izan beharko luke lehentasuna, gizartean hain txertatuta dauden entitate finantzarioak bermatzea alegia”. Hori dela eta, “eztabaidaren muina desbideratzen aritzea” leporatu die Aralarrek Jaurlaritzari eta alderdi sozialistari: “nahi duzuena da eztabaida kontrol publikoaren gainean zentratzea, ia nork izango duen kontrol politiko gehiago”.