Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Irungo alarde mistoko kideen kontrako erasoak salatu eta Udalari, behingoz, esku hartu dezala eskatu dio

Aralarrek Irungo alarde mistoko kideen kontrako erasoak salatu eta Udalari, behingoz, esku hartu dezala eskatu dio

2009/07/01
  • Jon Abril
  • Berdintasuna
Atzo arratsaldean, Irungo alarde mistoko zenbait kideren kontra izan ziren erasoak gogor salatu nahi ditu Aralarrek. “Istilu hauek arratsaldez gertatu zirenez –iaz bezala- ez komunikabideetan, ez agintarien artean ez dute merezi lukeen oihartzunik jaso, eta Irungo Udala, zein gainerako instituzioak ‘normaltasun’ itxura saldu nahi dutela” kritikatu du Jon Abrilek, Aralarreko koordinatzaileordeak.

Gertaera horien aurrean, emakumeen kontrako eraso oro salatzearekin batera, Aralarrek instituzioei dei egin nahi die, behingoz, gai honetan esku har dezaten, eta “bereziki Irungo Udalari eskatzen diogu lidergoa hartu dezala, urte gehiegitan luzatzen ari den gatazka konpontzeko”.

Arrazoi estetikoetatik, historiko edo tradizionaletatik haratago, “oinarri-oinarrizko printzipio eta eskubideetara jo behar da, eta Irungo Udalak kalean egiten den edozein ekimenetan aukera berdintasuna bermatu behar duela” gogorarazi nahi du Abrilek. Aralarreko koordinatzaileordearen iritzian, “jaiaren antolatzailea publikoa edo pribatua izan, kalean egiten den jai zein aldarrikapen oro publikoa dela” gogorarazi behar zaie agintariei, eta hori horrela den neurrian, “Irungo Udala eta Eusko Jaurlaritzak berdintasun legea betearazi beharko lukete, emakumeek jaigiroan parte hartzeko duten eskubidea bermatuz”.

Abrilentzat “onartezina da Irungo Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera eta pasibotasuna gai honekiko, eta itxurazko ‘normaltasuna’ saldu nahi digutela” salatu du. “Instituzioak eredugarri izan behar dira bizitzako arlo guztietan, eta bereziki eskubideak urratzen diren eremuetan, emakume eta gizonen arteko berdintasunean, bereziki”. Horretarako, “arduraz jokatu nahi badu, Irungo Udalak datorren urtean alarde bakarra, publikoa eta mixtoa antolatu dezala” nahi du Aralarrek.