Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek ikastetxeetan hari bidezko Internet konexioa mantentzeko eskatuko dio ostiralean Hezkuntza sailburuari

Aralarrek ikastetxeetan hari bidezko Internet konexioa mantentzeko eskatuko dio ostiralean Hezkuntza sailburuari

2009/12/16
  • Maeztu
  • antenak
Europako Parlamentuak aldarrikatu duen “prekauzio-printzipioa” jarraitzea egoki deritzo Aralarrek eta, “uhin elektromagnetikoen inguruan dagoen eztabaidak irekita jarraitzen duen bitartean, gaur egun dagoen kable bidezko konexioa aprobetxatzea egokiagoa dela deritzogu, wi-fi-a hedatzen segi aurretik".

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, Ingeniaritza Goi Eskolako katedradunak Juan Luis Ordialesek egindako agerraldiaren harira, Aralarrek adierazi du, “erakunde eta aditu guztiek onartzen dutela uhin elektromagnetikoen inguruan dagoen eztabaida zientifikoak irekita jarraitzen duela”. Horregatik, “inoiz baino beharrezkoagoa deritzogu Europako Legebiltzarrak aldarrikatzen duen prekauzio-printzipioa ezartzea eta, eztabaidak jarraitzen duen bitartean, kable bidezko internet konexioa dagoen ikastetxeetan berau mantentzea, wi-fi-a hedatzen jarraitu aurretik”, esan du Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk.

 

“Aralar ez dago wi-fiaren aurka; baina Internet sarbidea pertsona orori bermatze aldera, eztabaida zientifikoa ematen den bitartean, ez dugu uste beharrezkoa eta egokia denik kable bidezko konexioa dagoen eskoletan ere wi-fi sarea hedatzea”, gaineratu du Maeztuk. “Horregatik galdetuko diogu ostiralean Hezkuntza sailburuari zergatik ez duen beste herrialdeetan jarraitzen ari diren gomendioei kasu egiten eta zergatik ez duen kable bidezko konexioaren aldeko apustua egiten, posible den guztietan”, jakinarazi du legebiltzarkideak.

 

Bestalde, Aralarrek gogoratu du Europako hainbat hiri edo eskualdetan erakunde publikoek neurriak hartu dituztela gai horren harira eta “mugatu egiten dutela wi-fiaren hedapena, herritarrei gomendioak luzatuz, Kanadan, Suitzan eta Alemanian gertatzen den antzera”. “Esaterako, Alemaniako Salzburgo eskualdean, eskolei momentuz wi-fia ez ezartzeko gomendioa luzatu zaie”, esan du Maeztuk. Beste adibide batzuk ere badaude: hainbat herrialdetako liburutegietan wi-fia kentzea erabaki dute, Parisen dagoen Frantziako Biblioteka Nazionalean, esaterako.