Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Herrizaingo sailburua gezurretan ari dela salatu du, eta “adierazpen askatasuna berriz ere murriztu” izana leporatu dio

Aralarrek Herrizaingo sailburua gezurretan ari dela salatu du, eta “adierazpen askatasuna berriz ere murriztu” izana leporatu dio

2010/11/12
  • araba
  • basabe
  • palestina
  • ares
Jendaurreko zuzenketa egitea exijitu dio Aresi, Buesa Arena kanpoaldean jarri ziren pankartek Palestinako genozidioa geratzea besterik ez zutelako eskatzen

Gasteizko Buesa Arenan Irsaelgo Maccabiren partida zela eta, Aralarrek hiru pankarta jarri zituen kirol gunen inguruko orube baten, Palestinako herriaren kontrako genozidioa salatzeko. Pankartak kendu egin zituen Ertzainak eta horretaz galdetuta, gaurko kontroleko plenoan, Herrizaingo sailburuak gezurra esan duela salatu du Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek. ““Argi daukagun Herrizaingo sailburuak gezurra esan duela. Ez da egia hiru pankartak iraingarriak zirenik, Aralarrek sinaturiko hiru pankarta horietan ez zegoen irainik. Eskatzen zena zen genozidioa geratzeko eta askatasuna Palestinarentzat”.

Basabek, Aralarren Gasteizko antolaketa arduradun Iker Vitoresekin batera, Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi egindako galderaren erantzuna entzun ostean, adierazpenak egin ditu: “Gezurra esaten du dionean, Buesa Arena kirol-gunetik kendu zirela, ondoko orube baten zeuden eta argazkiek halaxe erakusten dute. Eta gezurra esaten du pankartak kentzeko lege oinarria dagoela esaten duenean, ez baitago lege oinarririk adierazpen askatasuna urratzea baimentzen duenik eta Herrizaingo sailburuak badaki”.

Horren aurrean, Aralarreko ordezkarien iritziz, “Herrizaingo sailburuak, lehenengo eta behin, informazio hobea jaso beharko luke eta, besterik ez bada, Ertzaintzak berak egin zuen atestatua irakurri”. Izan ere, atestatu horretan argi esaten da, Palestinaren aldeko pankartak zirela kendutakoak eta genozidioaren kontra leloa baino ez zutela.

“Argi dago, beraz, ez dagoela lege oinarririk pankarta horiek kentzeko”, esan du Basabek. Hori guztia dela eta, “Aralarrek exijitzen dio Herrizaingo sailburuari zuzenketa egin dezala eta jendaurreko zuzenketa egin dezala”.