Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek herritarren hizkuntz eskubideak aldarrikatu ditu, Kataluniako egun nazionalean

Aralarrek herritarren hizkuntz eskubideak aldarrikatu ditu, Kataluniako egun nazionalean

2011/09/11
Aralar Diadako, Kataluniako egun nazionaleko, ekitaldietan parte hartzen ari da gaur, ERCk gonbidatuta. Jon Abril koordinatzaileordeak Diadako ekitaldi nagusietan parte hartuko du. Hala nola, Rafael Casanovaren eskulturaren aurrean egiten den lore eskaintzan izan da, eta Parlamentak zein Generalitateak egindako ekitaldi ofizialetan ere izan da.

Abrilek esan duenez, Diadaren ospakizunak agerian uzten du kataluniarren independentziarako nahia inoiz baino biziago dagoela. “Agerikoa da hori herritarrek Diadan parte hartzeko duten moduan eta beren egun honetako aldarrikapenetan”.

Baina independentziarako borondateaz gainera, hizkuntz eskubideen aferak Katalunian daukan eragina nabaria izan da gaurko Diadako ospakizunetan; izan ere, Kataluniako Auzitegi Gorenak gaztelera ere ikastetxe publikoetan hizkuntz behikularra dela erabaki izanak ezinegona eragin du herritarren artean. “Beste behin ere agerian geratu da nazioen hizkuntz eskubideak ez dituztela aintzat hartzen”, salatu du Abrilek, eta bat egin du Kataluniako herritarren aldarrikapenekin.