Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek gogor salatu du PP-PSEk, gehiengoa baliatuz, bi interpelazio atzera bota izana

Aralarrek gogor salatu du PP-PSEk, gehiengoa baliatuz, bi interpelazio atzera bota izana

2009/10/07
  • Legebiltzarra
  • ares
  • lopez
"Oposizioaren lana oztopatzeko saiakera argia izan da, eta gure taldeak ez du inondik inora onartuko. Egindako galderak, eta egin behar direla uste dugun guztiak, erantzun beharko dituzte", adierazi du Aralar legebiltzar-taldeak. Legebiltzarreko Mahaiak atzo Aralarren interpelazio bi atzera bota zituen, PP-PSEren gehiengoa baliatuz; are gehiago, lehendakariaren kalitate botoarekin. Aralarrek Patxi Lopez lehendakariari galdegin zion “Zer dela eta geratu den isilik, Falange y Tradición taldeak eraso eta mehatxu hauek “gobernu erregionalera etorri berri den Lopez jaunari ongietorria egiteko” izan direla esan eta gero?”. Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi, berriz, Jon Paredes ‘Txiki’ frankismoaren biktimaren familiak Zarauzko hilerrian egin nahi izan zion oroimen ekitaldia egitea oztopatu izana azal zezan. Biak ala biak, atzera bota ditu Legebiltzarreko Mahaiak eta ez dira ostiraleko kontrolerako plenoan aztertuko. Aralarrek Mahaiari eskatu dio berrazter desala bere erabakia.

 

Prentsaurrekoa osorik

PPren eta PSEren gutxiengoaren zapalgailua, egoera gehiago estutu guran, atzo Legebiltzarrean duten gehiengoaz baliatu zen.

Konforme ez gutxiengotik gobernua osatzearekin, gizartearen gehiengo sozial eta politikoak hautestontzietan adierazitakoaren kontra, orain oposizioa egiteko beste taldeok daukagun eskubidea eta betebeharra murriztu egin gura digute.

Horren adierazle da atzo bertan Legebiltzarreko Mahaian gertaturikoa. Gobernuak hurrengo kontroleko plenoan erantzun behar zituen interpelaziorik deserosoenak ez ditu tramitera onartu: Bata Patxi Lopez lehendakariari zuzendua, erantzun zezan “Zer dela eta geratu den isilik, Falange y Tradición taldeak eraso eta mehatxu hauek “gobernu erregionalera etorri berri den Lopez jaunari ongietorria egiteko” izan direla esan eta gero?”. Bestea, berriz, Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi zuzendua zen, Jon Paredes ‘Txiki’ frankismoaren biktimaren familiak Zarauzko hilerrian egin nahi izan zion oroimen ekitaldia egitea oztopatzeagatik.

Mahaiak hartu duen erabakia salatzen dugu, gure taldearen oposizio lana oztopatzeko saiakera garbia baita; onartezina da. Bai lehendakariak, zein Herrizaingo sailburuak argitu egin beharko dituzte Aralarrek egindako galdera. Zergatik geratu zara isilik, Lopez jauna? Zergatik egin diezu min biktima horiei, Ares jauna?

Mahaiaren betoek ez dute Jaurlaritzaren bi arduradun horiek Legebiltzarraren aurrean eta gizarte osoaren aurrean, auzi horien gaineko azalpenak ematea oztopatuko; gertaturikoa ikusita, enbarazu egiten diela garbi geratu den arren.

Legebiltzarreko Mahaiak adierazi du interpelazioak izan behar direla: politika orokorreko eta gizartean oihartzun handia duten gaiei buruz eta oraingoan, Aralarrek egindako bi interpelazioak “zehatzegiak” zirela. Gogor salatu gura dugu, gure ekimen biak atzera botatzeko erabilitako argudio falta. Izan ere, Erregelamenduaren 178. artikuluak jasotzen du, hitzez hitz,

Legebiltzarkideek, zeinek bere taldearen bidez, interpelazioak egin ahal izango dizkiete Jaurlaritzari eta Jaurlaritzako kide bakoitzari, politika orokorreko gaiei buruz edo gizartean oihartzun handia duten gaiei buruz Jaurlaritzak edo Jaurlaritzaren sail batek duen jokabidearen arrazoiak edo helburuak ezagutzeko”.

Herri honetan bada inor sinisten duenik biktima baten oroimenez egiten den ekitaldia oztopatzea ez denik gizartean oihartzun handia duen gaia”?

Nola sustengatzen da faxistek Lopezi egin dioten ongi-etorriaren aurrean —erasoak eta euskal herritarren kontrako mehatxuak beregain hartuz gainera— Lehendakariaren isiltasuna interes orokorreko auzia ez izatea? politika orokorreko auzia ez dela? Zer gertatuko zen alderantziz izan izan balitz? Hau da, gobernu abertzale bat isilik geratu izan balitz talde armatu batek erasoekin eta mehatxuekin ongi-etorria eginez gero? Nola eutsi, inolako lotsarik gabe, gai horiek interes orokorrekoak ez direla esateari?

Gobernu honi, eta gehiengoaren kontra berau sustengatzen duten taldeei, mezu argi bat helarazi nahi diegu: ez deskalifikazioek, ez erregelamendu amarruek ez dute oztopatuko gizarteak eman digun lanarekin betetzea; ez dute lortuko gure oposizio eta gobernuaren kontrol lana egiten jarrai dezagun; alderantziz, gehiago tematuko gara ardura horretan. Gobernu honen lanaren jarraipen estua egiten segituko dugu, giza eskubideen eta biktimen errespetuan, salbuespenik gabe, gerta daitezkeen atzerapausoak salatzeko eta, ahal dugun neurrian, atzerapausoak oztopatzeko. Enbarazu handia egiten badie ere, eta behin eta berriz saiatzen badira ere, ez dute lortuko gu ikusezin bihurtzea.

Oposizioaren lana oztopatzeko saiakera argia izan da, eta gure taldeak ez du inondik inora onartuko. Egindako galderak, eta egin behar direla uste dugun guztiak, erantzun beharko dituzte.