Aralarrek gogor kritikatu du Jaurlaritzak gizarte laguntzetan egin nahi duen murrizketa berria
- Gizarte politika
- Empleo
Aralarren Legebiltzarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok gogor salatu du gobernu sozialistak gizarte laguntzetan gauzatu nahi duen %7ko murrizketa berria. “Lehen jada laguntza prekarioa zena, lanbide-arteko gutxieneko soldataren %88ra heltzen ez zena, 2012an are prekarioagoa bihurtuko da; praktikan ez da %82ra helduko, izan ere, inflazioa kontuan hartuz, %10eko murrizketa suposatuko baitu", esan du Ezenarrok. "Bakarrik bizi den hartzailearentzat 612€ aurreikusi ditu gobernuak, aurten baino 46 gutxiago", zehaztu du.
Ezenarrok kritikatu egin du Zabaleta sailburuak bere hitzaren kontra jo duela; izan ere, "hasteko, gizarte laguntzak jasotzen dituztenen kopurua gutxitzeko, neurriak hartu dituzte PPren eskutik; eta orain, agindutakoaren kontra, hartzaileen diru kopurua murriztuko du". "Berriro ere agindutakoari muzin egin eta, aurrekontuak koadratzeko helburu bakarrarekin, diru - laguntzak murrizteari ekin dio, posible diren bide biak erabiliz: jasotzeko baldintzak gogortzea, jasotzaileen kopurua murriztuz, alde batetik, eta eskubide subjektiboak diren laguntzen diru-kopuruak jaitsiz, bestetik”, gaineratu du.
“Murrizketa sozialetan urrats bat gehiago da hartutako erabakia", adierazi du Aralarren bozeramaileak; are gehiago, Euskadin ez dagoela PPren zain egon beharrik murrizketak izateko azpimarratu du. "Paradoxikoa da PPk gobernatzen dituen erkidegoetan gauzatzen ari diren murrizketen aurka PSOEren hautagai Rubalcabak kanpainarako erabiltzen duen lelo nagusia bilakatzea euskal sozialisten jokabide”, salatu du Aintzane Ezenarrok. Hala, krisi garaian, une zailetan, gizartearen babesa mantendu eta indartzearen alde agertu da Ezenarro, “lana ez dagoenean, eta gizarte bazterketa hedatzeko arriskua inoiz baino errealagoa den uneotan, Jaurlaritzaren hautua gizarte babesaren sareak indartu eta biderkatzearen aldekoa izan behar da, hain zuzen ere, Jaurlaritzak hartu duen bidearen kontrakoa; horretarako baliabideak egon badaude eta borondate politikoaren kontua da, gizarte babesak indartzeko Gobernu sozialistak erakutsi ez duena, alegia”, esan du.
Albiste erlazionatuak
Gizarte politika
- Ezenarrok gobernuari eskatu dio ez dezala aplikatu LGSren izoztea gizarte laguntzak emateko orduan
- Ezenarro: “Ulertezina da gobernu sozialista harro sentitzea bazterkeria eta pobrezia handitzen duen lege aldaketarekin”
- EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituen agindua “berehala bertan behera uztea” eskatu dute


