Aralarrek gaitzetsi egin du Burgosko atentatua
- gaitzespena
- atentatua
Aralarrek gaitzetsi egin du Burgosen guardia zibilaren kuartel-etxearen kontra egindako atentatua eta “elkartasuna” adierazi die leherketaren ondorioz zauriak izan dituzten pertsonei eta bere familia kideei, bai eta bestelako kalteak jasan izan dituzten guztiei ere.
Aralarren koordinatzaile orokor Patxi Zabaletak berretsi egin du ETAri egiten dion deia, erakundea 50 urte betetzear dagoen honetan. “Helburu politikoak lortzeko bide zilegi bakarrak, soil-soilik, politikoak dira” eta “inongo ordainsari edo baldintzarik gabe indarkeria utz” dezala eskatu dio. “Horixe da euskal gizartearen gehiengoak eskatzen diona, baita ezker abertzaletik bertatik eskatzen dioguna ere, eta hori bete dadin lanean jarraituko dugu”.
Zabaletaren esanetan, “indarkeria erabiltzetik lortutako oinarri demokratikoak kutsatuta egongo lirateke, eta horregatik gure egitekoa da esatea ezkerretik eta independentismotik oinarri demokratiko horiek koherentziaz defendatu behar ditugula, eta ideia horiek defendatzeko ezinbestekoa dela indarkeriaren erabilerarekin amaitzea”.


