Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek gaitzetsi egin du Bilbon indarkeria matxistak beste hildako bat utzi izana

Aralarrek gaitzetsi egin du Bilbon indarkeria matxistak beste hildako bat utzi izana

2011/08/23
  • Berdinasuna
“Protokoloak berrikusi, eta erasoak jasan dituzten emakumeei babes neurri gehiago jartzea” eskatuko dio, beste behin, Aralarrek Jaurlaritzari.

 Atzo arratsaldean Bilbon Deisy Mendoza hil zuen eraso matxista gaitzetsi du Aralarrek, eta indarkeria matxistaren kontra Udalak zein jai batzordeak deitu dituzten kontzentrazioetan parte hartzera deitu du alderdiak, “hilketa bera gaitzesteko, eta indarkeria matxistaren kontrako jarrera gizarteratzeko”.

Gisa honetako erasoekin amaitzeko “gizarte osoaren inplikazioa” behar dela gogorarazi du Aralarrek, eta “berdintasun eza dagoela oinarrian” nabarmendu du. “Benetako berdintasuna lortzeko lanean politika ausartagoak” eskatu ditu Aralarrek, eta horrek, era berean, “gizarte osoaren inplikazioa” eskatzen duela agertu du, “gizon zein emakumeena”.

Hildako emakumeak aurrez tratu txarrak salatuak zituen, eta hiltzaileak urruntze agindua zuen arren, “agindu hori behin eta berriz urratzen bazuen, protokoloak zertan huts egin duen argitzeko” eskatuko dio Jaurlaritzari. “Protokoloak berrikusi, eta erasoak jasan dituzten emakumeei babes neurri gehiago jartzea” eskatuko dio, beste behin, Aralarrek Jaurlaritzari.