Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek eztabaida politikoa, fiskalitate birbantzaileagoa eta bakerako apustua aurkeztuko dizkio PSEri lehentasunezko gaitzat

Aralarrek eztabaida politikoa, fiskalitate birbantzaileagoa eta bakerako apustua aurkeztuko dizkio PSEri lehentasunezko gaitzat

2010/09/03
  • bakea
  • ikasturtea
  • PSE
Aralarren legebiltzar taldeak, datorren astean talde sozialistarekin egingo duen bilerari begira, bere lehentasunak aurkeztu ditu Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan. Taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrok azaldu duenez, "PSEk Aralarrekin elkarlaneko harremana nahi badu, argazkietatik harago, eztabaida politikoari ekin beharko dio, babes sozial eta sanitarioa bermatu beharko du, fiskalitate birbanatzaileago batekin, eta bakearen aldeko apustua argia egin beharko du eskubide zibili eta politiko guztiak bermatuz".

 

PRENTSAURREKOAREN TESTU OSOA

Ikasturte politikoari hasiera honetan bakerako esperantza berri bat dugu bistan, bai eta udaberrian izango diren hauteskundeen hitzordua ere. Legegintzaldiaren bigarren ikasturtea, berriz, agortutako sintomak dituen gobernuarekin hasiko dugu Legebiltzarrean. Uztailean jada salatu genuen: ikasgai guztiak suspenditu zituen eta orain, ez dirudi arazoei aurre egiteko eta egiteko dauden eztabaidei ekiteko inpultso berrituarekin datorrenik, hala adierazten digute, gutxienez, bere lehenengo ekitaldi eta adierazpenek.

      1/ Hauteskundeetan hartu zituzten euren konpromisoak bete gabe jarraitzen dute eta lege egutegiaren atzerapena geroz eta eskandalagarriagoa da (Gobernu kontseiluak oraingoz 10 lege proiektutik 3 baino ez ditu onartu, legebiltzarrera bidaltzeko).

      2/ Hala ere, adorea eta ausardia erakutsi beharrean ekimena hartu eta arazoei aurre egiteko, agerian uzten du bere inpotentzia eta ahulezia, betiko kexa adieraziz eta erruduntzat beste batzuek joz.

     3/ Herri honetan hain garrantzitsua den normalizazio politikoaren gaia alde batera utzi du, eta bakegintzari dagokionez, berriz, polizia ekintzan utzi du egiteko guztia, suerta daitekeen bake prozesu baten edo bakerako trantsizio ordenatu baterako lidergoa hartzeko inongo asmorik erakutsi gabe.

Ekintza konkreturik ezean, politika egiteko betiko moduarekin jarraitzen du, inkesta guztiek herritarrengandik urruti dagoela adierazi arren: oraindik ezertan gauzatu ez diren ekintzekin zarata mediatikoa egitearekin obsesionatutako gobernua da, atzetik lan seriorik ez egon arren. Hala, ikasturte hasieran ere

       1/ enegarren bider politika aktiboen transferentziaz hizketan egin digute, beraz, oraindik ez den errealitate baten albistea egiten, edo

       2/ biktimak eta gelak hizpide hartuz, nahiz eta berriro ere agerian geratu den ez dutela gai horretan ezer ere zehaztu: ez dira material didaktikoak egin, ez da zehaztu biktimak ikasgeletara joango diren, ezta aukeratu dituzten ere, eta are gutxiago zenbat ikastetxetan gauzatuko den ekimena.

       3/ Ez da zehazten, baina zarata egin egiten da. Horixe da gobernuaren estiloa, gaur gaurkoz zerga politikaren bere proposamena zein den zehaztu gabe jarraitzen duen gobernua, hilabeteak igaro dituen arren esaten gai horren inguruan eztabaida lasaia gauzatu behar dela.

Akordio baztertzaileak egitetik urtebete igarota, PSE-EEren talde parlamentarioa izan da Aralar bilera batera deitu duena, ez gobernua; agian, aurpegia garbitzeko beste saiakera bat izango da orain arte islatu duten irudi frontista garbitze aldera-edo. Are gehiago, bilera deitu dutela ere iragarri egin dute hedabideetan “herri honentzako garrantzitsuak diren gaiez hitz egiteko asmoa” dutela esanez. Hori ikusita, bilera horretan argi utziko diegu zeintzuk diren Aralarrentzako lehentasunak:

  1.  Elkarbizitzarako akordio berri bat lortzeko, gure herrian egiteke dagoen eztabaida politikoa, euskal nazioa aitortzetik hasiz. Katalunian arazo ez dena abertzale eta ez abertzaleen artean, baina dirudienez hemen arazo dena. Lopez ere Zapatero baino urrutiago joan zen esanez, Euskadi nazio historiko edo kulturala zela, Zapaterok nazio kataluniarraren izaera politikoa aitortu zuen arren.
  2. Zerga politikaren erreforma sakona. Ez da garaia eztabaida hutsalak proposatzeko; zehazteko garaia da. Ezkerretik akordioa nahi bada, bermatu egin behar dira zerbitzu sozialak eta beharrizanen arabera zabaldu; ezin da estabilitaterako hitzarmena errepikatu eta fiskalitatea bere horretan utzi.
  3. Babes soziala bermatu: ezinbestekoa da beharrizan gehien dutenekiko gizarte babesa bermatzea eta horretarako gehitu egin behar dira Larrialdietarako Gizarte Laguntzako bai eta diru sarrerak bermatzeko errenta datorren urteko aurrekontuetan, dagoeneko ikusi baitugu ez direla nahikoa. Langabezia saria jasotzeari utzi dioten eta diru sarrera bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea ez duten langabetuei zuzendutako babes programa bat sustatu beharra dago (langabeziak gora egin du gure erkidegoan eta, 129.293 langabetu ditugu). Eta, gizarte zerbitzuen eta diru sarrerak bermatzeko legeak garatu behar dira. Gaurko egunez, ez dira legeen arauak garatu eta horrek galarazi egiten du lege horietan bertan onartzen diren eskubide subjektiboak gauzatzea.
  4. Hezkuntza:

    a.      Hizkuntza ofizial biak ikasteko balio duen eredua bultzatuko duen sistema, atzerriko hizkuntza eredu horretan txertatuko duena. Hezkuntza mediatikoki erabiltzen jardun duen gobernuak titularrari ihes egin eta sakoneko lanari ekin beharko lioke.

    b.      Bakerako hezkuntza: arazoak konpontzeko elkarrizketaren alde egingo duen trebezia sozialak garatzeko balioko duen bakerako hezkuntza garatu behar dela defendatzen jarraituko dugu, eta herri honek pairatu duen sufrimenduaren berri emateko orduan, ikuspegi barneratzailea eta autokritika defendatzen jarraituko dugu.

  5. Euskara: helduen irakaskuntzak lehentasunetako bat izan behar du. Orain arte egindako bidea mantendu eta hobetu egin behar da, ez atzerapenerako arriskuan jarri.

  6. Euren lege egutegiaren ez betetzearen aurrean, guretzako egon badira mahai gainean jarri beharreko lehentasunezko legeak: udal legea, ingurumena babesteko legea, gobernu legea, etxebizitza legea, Emakunderen eta Berdintasunerako legeak, lege sozialen garapena.
  7. EITB: Funtsezkoa da EITBren zuzendaritzak egutegi bat argitaratzea, zeinean epemuga jarriko zaion ETB1en programazioak eskatzen duen hausnarketa-aldiari, eta hausnarketa-prozesua eragile sozialei noiz eta nola zabalduko zaien jasoko den. Bai eta 2009ko uztailean Nafarroako gobernuarekin hitzartutako akordioa betetzea eta Nafarroan, beste telebista kate guztiak bezala, ETB ere era digitalean ikusteko aukera bermatzea.
  8. Osasuna: Aralarrek ez du onartuko, herritarren eskubide sozialetan atzerapausorik. Horren adibide izan dira osasun arloan gauzatu edo iragarri diren hainbat ekimen.Besteak beste, asteburutan osasun zentroak ixtearen erabakia, berrantolaketa moduan saldu nahi izan dutena, baina pediatriako zerbitzuak ospitaletan soilik eskainiz. Larriak dira ere pediatriaren zerbitzuak 7urteko umeei mugatzearen asmoak. Zer esanik ez, arreta pertsonala birtualengatik ordezkatzeko ezartzen ari diren egitasmoen inguruan.  Edota enpresa pribatuetara zuzentzen den diru publikoa konzertazioaren bidez.(243 miloi € aurreikusita daude 2010 urterako). Osasun sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu eta defendatuko dugu. Atzera egin behar da Eusko Jaurlaritzak osasun arloan hartu dituen erabakietan.
  9. Ingurumena: azpiegitura erraldoiak eta makro-proiektuak baztertu behar ditugu, ingurumenari eragiten dioten kaltea jasanezina delako eta garapen eredu iraunkorraren kontra doazelako.
  10. Giza Eskubideak: Legebiltzar honetan aho batez adostutako akordioa gauzatu beharra dago biktima guztiak aitortzeko eta legebiltzarrera ekarri, gehiago atzeratu gabe, beste biktimen gaineko informea bai eta eurak aitortzeko eta ordaintzeko neurriek terrorismoaren biktimen legeak jasota dauden biktimenak moduko lege maila izan dezaten. 
  11. Bakea. Ezinbesteko deritzogu bake iraunkor baterako oinarriak jartzeari eta horrek eskatzen duena da herri akordioa lortzea, indarkeria zikloaren amaiera ordenatua gerta dadin. Bazterketarik gabeko bakea, garaiturik eta irabazlerik gabeko bakea, termino politiko eta sozialetan esanez. Horretarako, gobernuak ekimena hartu beharko luke beste euskal agente politikoekin elkarrizketak hasteko, eta ez bakar-bakarrik polizia ekintzara mugatu.

Hauek dira Aralarrek ikasturte politiko honetarako dituen lehentasunetako batzuk eta horien harira aurkeztuko ditugu ekimen parlamentarioak eta, era berean, talde sozialistari ere helaraziko dizkiogunak. Ikusteko dago noraino iristen den euren elkarrizketarako borondatea.

Beraz, PSEk Aralarren elkarlaneko harremana nahi badu, argazkietatik harago, 1) eztabaida politikoari ekin beharko dio, 2) babes sozial eta sanitarioa bermatu beharko du fiskalitate birbanatzaileago batekin, eta 3) bakearen aldeko apustua argia egin beharko du eskubide zibili eta politiko guztiak bermatuz.