Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek ez ditu ontzat eman Aresek “Kukutza” operazioaren inguruan emandako azalpenak

Aralarrek ez ditu ontzat eman Aresek “Kukutza” operazioaren inguruan emandako azalpenak

2011/10/06
  • Maeztu
  • Ares
Herrizaingo sailburuak ez du onartu nahi izan operazioa “neurriz kanpokoa” izan zela, Aralarrek, EAk, Ezker Batuak, Errekaldeko Auzo Elkarteak eta Kukutzako partaideek hori defendatu duten arren. Dani Maeztu legebiltzarkideak salatu du Ares “tematu” egin dela hurrengo egunetan egon ziren istiluekin eta Kukutza husteko orduan egon zen indarkeria ikusezin bihurtu gura izan duela.

Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Aralarrek, EAk eta Ezker Batuak hala eskatuta, Kukutza husteko operazioaren nondik norakoak azaltze aldera. Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk salatu du operatiboa “neurriz kanpokoa” izan zela, eta sailburuari leporatu dio, “Kukutzan zeuden pertsonak biolentotzat eta arriskutsutzat” jo izana. “Ares tematu egin da Ertzaintzaren indarkeria  justifikatzen eta behin eta berriz ekarri ditu gogora Kukutza husteko operazioaren ondotik hurrengo egunetan Bilbon izan ziren istiluak”, azaldu du Maeztuk. Rodolfo Aresek Aralar, EA eta Ezker Batuaren bozeramaileek aurkeztutako bideoari entzungor egin die eta poliziaren jarrera “profesionala eta neurrikoa” izan zela berretsi du, hiru legebiltzarkideen kritikei muzin eginez. Maeztuk, bestalde, berretsi egin du okerreko bidea hartu zuela Ertzaintzak, prozesu judiziala bukatu aurretik jardutea erabaki zuelako.

Agerraldiaren ostean adierazpenak egin dituzte Errekaldeko Auzo Elkartearen eta Kukutza kolektiboaren bozeramaileek. Aresen azalpenak “surrealistak” izan direla esan dute. “Penagarria da gertatutakoa justifikatzea eta ez onartzea okerreko bidea hartu zutela. Horrela, agintari politikoek nekez zuzentzen dute txarto egindakoa eta nekez egiten dute autokritika. Horrek beldurra ematen digu, behin eta berriro hanka sartzen dutelako eta etorkizunean gertatutakoa errepikatu daitekeelako. Lotsagarria da XI. mendean horrelako egoera bat errepikatzea”, esan dute.

Aralarrek elkartasun osoa ere adierazi die beste behin, Errekaldeko auzotar guztiei eta bereziki Kukutza proiektua errealitate bihurtzen lagundu zuten guztiei.