Aralarrek Europan ordezkaritza izateko helburua lortuta, tinko jarraituko du Euskal Herrian ezker abertzale politikoa indartzen
- Europako hauteskundeak
Atzo egindako Europako hauteskundeen balorazioa egin du Aralarreko Hegoaldeko Zuzendaritzak Donostian egindako prentsaurrekoan. Jon Abrilek esan duenez, emaitzak “gazi-gozoak” izan dira. “Gozoa, helburua bete dugulako. Koalizioaren helburua eurodiputatua lortzea zen, eta hori lortu dugu. ERC, BNG eta Los Verdesekin elkarbanatuko dugun denbora tartean; oraindik eta aurrera presentzia izango dugu Europako parlamentuan Inaki Irazabalbeitiaren pertsonan”.
Horrez gain, Aralarreko koordinatzaileordeak azpimarratu du “ezker abertzalearen ahotsa” entzungo dela Europan. “Espainiako zein Europako beste alderdi eta eragileekin kanpo harremanak sendotzeko aukera ezin hobea dugu aurrean”.
Baina Europako hauteskundeetako emaitzak “gaziak” ere izan direla agertu du. “Gazia, ez dugulako beste hauteskunde batzuetan mobilizatutako jende askorengana heltzea lortu. Autokritika egin beharrean gara, EArekin egindako koalizioak ez duelako funtzionatu”. Gaineratu duenez, “ez dugu jakin transmititzen ezkerreko abertzale bat Europan izatea, eta estatuko beste ezker alderdiekin harremana indartzea ezkerreko abertzaleontzat zein euskal herritarrontzat zeinen garrantzitsua den”.
Hemendik aurrera, Europan eta han gertatzen diren erabakien informazio zehatz eta zuzena izango duela nabarmendu du Aralarreko koordinatzaileordeak. “Bereziki, Langileen Europa eraikitzeko lan egingo dugu. Ahalegina hori izango da”.
Amaitzeko, Jon Abrilek esan du Aralarrek tinko jarraituko duela “Euskal Herrian ezker abertzale politikoa indartzen, gizarte mugimenduekin, elkarlanean, krisiari erantzun soziala ematen, abertzaleen arteko elkarlana bultzatzen, erakundeetan zein kalean. Hori da gure konpromisoa eta gure lana”.


