Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek ETAri erantzun dio Euskal Herriaren borondatea errespetatu nahi badu indarkeria alde bakarreko erabakiz uzteaz hasi behar dela

Aralarrek ETAri erantzun dio Euskal Herriaren borondatea errespetatu nahi badu indarkeria alde bakarreko erabakiz uzteaz hasi behar dela

2010/03/21
  • ETA
Aralarrek ETAren azken agiria aztertu du, eta bere desadostasuna azaldu nahi du, ez bakarrik arrazoi demokratikoengatik, arrazoi politiko eta praktiko hutsengatik ere bai. Aralarrek beste behin ETAri eskatzen dio, herritarren gehiengo handi-handi baten aldarrikapenari jarraituta, armak alde bakarreko erabakiz eta kalte-ordain politiko gabe utz ditzala.

Bere azken agirian Euskal Herriaren borondatea aipatzen duenez, Aralarrek ETAri erantzuten dio borondate horri men egin eta errespetatu behar duela, eta gogoratzen dio euskal gizarteak armak alde bakarreko erabakiz uztea agintzen diola.

 

Ezker abertzalearen sentsibilitate baten ordezkari den heinean, Aralarrek ETA erakundeari ohartarazten dio ezker abertzalearen beste sentsibilitateak, Batasunak, plazaratutako dokumentuak begi onez hartzen dituela, baina, hala ere, ez dituela dokumentu horien ondorioak betetzen.

 

Era berean, Aralarrek ETAri erantzuten dio ETA bezalako erakunde batekin elkarlan politikoa izatea ezinezkoa dela, herri ordezkaritza demokratikorik ordezkatzen ez duelako. Asmo hori oztopoa da Euskal Herriaren bakerako, demokraziarako eta askatasunerako.

 

Aralarrek azpimarratu nahi du ETA erakundeak eragile politiko guztiei, Espainiako Gobernua barne, konpromisoa eskatzen dienean, harrotasuna erakusteaz gainera, hanka sartu eta astakeria ikaragarria egiten duela, azken baten, Madrilgo gobernuaren borondatearen esku uzten gaituelako. Indarkeria uzteko alde bakarreko erabakiak bakarrik, Aralarrek hainbestetan aldarrikatutakoak, emango die Euskal Herriko indar politikoei gure herriaren borondatea herritarrek nahi duten lekura eraman ahal izateko zilegitasun soziala, arrazoizko indar politikoa eta dinamika. Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa prozesuak errepikatu nahi izatea oztopoa da Euskal Herriko etorkizunarentzat, amarruak izan zirelako beti eta porrot egin zutelako, eta gainera, zaharkituak geratu direlako.

 

Halaber, Aralarrek ETAri erantzuten dio ez daukala seriotasun demokratikorik, eta ezker abertzalearen bi sentsibilitateek adierazitakoarekin ez duela bat egiten, indarrean dagoen status autonomikoa abiapuntu bezala hartzeari uko egin diolako behin eta berriz; hain zuzen, egungo status autonomikoa izan behar da abiapuntua.

 

Indarkeriaren erabilera alde bakarreko erabakiz eta kalte-ordain politikorik gabe uztea da ETAk Euskal Herriari zor dion duintasun keinua. Era berean, horixe da herri honentzat normalizazio politikoa eskuratzea helburu izango duten eragile politikoen arteko ekimen bateratuak sustatzeko giltzarria; izan ere, euskal gizartea normala, aurrerakoia eta garatua da, eta errespetu politiko osoa zor zaio.