Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek eta ABk azpimarratu dute Aberri Egunean Euskal Herriko eskubideak bide zibil eta politiko hutsetatik defendatzea aldarrikatu behar dela

Aralarrek eta ABk azpimarratu dute Aberri Egunean Euskal Herriko eskubideak bide zibil eta politiko hutsetatik defendatzea aldarrikatu behar dela

2010/03/25
  • Abertzaleen Batasuna
  • Aritz Romeo
  • Iratzarri
Aberri Egunaren bezperan, apirilaren 3an, Urruñan egingo duten ‘Gora Herria. Euskal Herri berria’ ekitaldia aurkeztu dute Iparraldean Aralarrek, Abertzaleen Batasunak eta Aralarren gazte erreferente Iratzarrik. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da ekitaldia, eta ekitaldi politikoaz gainera, bertsolariak, txalapartariak eta dantzaldia ere izango da. “Bertan parte hartzeko deia egiten diegu abertzale guztiei”, esan du ABko bozeramaile Joseba Garaik.

Garaiarekin batera Baionan egindako prentsaurrekoan izan dira Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril, NaBaiko Iruñeko zinegotzi Aritz Romeo, ABko bozeramaile Andde Sainte-Marie eta Iratzarriko Lorea Izagirre. Aberri Egunerako prestatu duten agiria aurkeztu dute, eta dokumentu irekia dela azpimarratu dute. “Itxaropen mezua helarazi nahi diogu Euskal Herriari”, nabarmendu du Garaik.

“Pertsona guztiak, proiektu guztiak eta ideia guztiak leloa gogoratzen eta aldarrikatzen dugu. Soilik bide politikoetatik aldarrikatzen ditugu Euskal Herriko herritarren eskubide guztien eta Euskal Herriko herriaren beraren eskubideak, gisa horretan bakarrik delako eraginkorra eta bideragarria horien defentsa”, esan du Romeok.

Iruñeko zinegotziak gaineratu duenez, “Euskal Herriari behin eta berriz ukatzen zaizkion giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena eskubide guztien defentsatik abiatuta egiten dugu eta horien urraketa bakoitzaren aintzinean salaketa erradikala, koherentea eta tinkoa eginez”.

Aberri Egunean erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen irmoa egin beharra azaldu du Sainte-Mariek. “Erabakitzeko eskubidea molde demokratikoan jarri behar da praktikan, eta halaxe aldarrikatzen dugu sozialki egonkortutako erabaki-esparruetan oinarritua: Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Iparraldea, bere lurralde elkargoa xedetzat daukalarik; eta horregatik, aldarrikatzen dugu status autonomiko bakoitzak kontsultak deitzeko eta erabakitzeko eskubidea aitortua izateko gaitasuna ukaitea beren erabaki-esparruetan”. Horren harira, indar abertzale eta demokratiko guztiei erabakitzeko eskubidearen defentsa bateratua egiteko deia egin die.

Era berean, ABko bozeramaileak azpimarratu du Euskal Herriak bakea behar duela. “Euskal Herriak exijitzen du eta erabaki du bakean bizitzea. ETA erakundeari eskatzen diogu indarkeriaren erabiltzeari uzteko erabaki aldebakarrekoa har dezala inolako ordainik eskatu gabe, horixe baita abertzaleok behar dugun ekarpena irizpide demokratikoak defendatzeko eta jardun politikoaren zilegitasunaren aldarrikapena egiteko. ETAk bakea zor dio Euskal Herriari eta euskal herritarrei, eta ez inongo estaturi”.

Krisiari aipamena ere egin nahi izan dio Romeok. “Euskal Herriak bizi duen egiturazko krisiaren eta krisi globalaren ondorioak pairatzen ari direnekin daukagun konpromiso sozialak gure indarrak batzera bultzatzen gaitu. Lan bila ari den langabetu bakoitzak gure elkartasuna dauka”.

Euskara ere gogoan izan dute Aralarrek, ABk eta Iratzarrik. “Europako gainerateko hizkuntz ofizialen eta kulturen maila berean jarria, euskararen eta euskal kulturaren defentsa egiten dugu, eta Euskal Herria osatzen duten lurraldeak - Iparraldea, Nafarroa eta EAE- batzeko aldarria egiten dugu, herritarren erabaki askean oinarrituta”, esan du Romeok.