Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek eskaintza egin dio ezker abertzaleko beste sentsibilitateari, elkarrizketa abiarazteko eta akordio iraunkor eta egonkorra lortze aldera

Aralarrek eskaintza egin dio ezker abertzaleko beste sentsibilitateari, elkarrizketa abiarazteko eta akordio iraunkor eta egonkorra lortze aldera

2011/02/12
  • Abertzaleen Batasuna
  • Euskal herria
Alderdiak publiko egin du gaur ezker abertzaleko beste sentsibilitateari eta Abertzaleen Batasunari egin dien proposamena, “elkarrizketak abian jartzeko, aurretiazko inolako baldintzarik eta mugarik gabe, eta beharrezkoa den elkarren arteko errespetuz, ezker abertzale konprometitu, eraldatzaile eta eraginkortasun politikoarekin jarduteko”.

Aralarrek bere laugarren ponentzian jasotako oinarriekin bat eginez, eskaintza publikoa egin dio ezker abertzalearen beste sentsibilitateari eta ABri, “akordio iraunkor eta egonkorra lortzeko epe luzera”. Gaur alderdiak Donostian eman duen prentsaurrekoan esan denaren harira, “Euskal Herriak ezker abertzale zibil eta zabal bat izatea” da helburua. Horretarako, Aralarrek publiko egin dio ezker abertzaleari egiten dion proposamena, “alde bien arteko errespetu osoz eta aurretiazko mugarik eta baldintzarik gabe elkarrizketak abian jartzeko, ezker abertzale eraldatzaile eta konprometitua lortze aldera, Euskal Herri osoan eraginkortasun politikoz jarduteko”.

 Gaur aurkeztu den dokumentua,  “Aralarren proposamena ezker abertzaleko beste sentsibilitateari eta Abertzaleen Batasunari etorkizunaz azterketa bateratua egiteko” izenburupean, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri dute alderdiko koordinatzaileorde Jon Abrilek eta antolakuntza idazkari Rebeka Uberak. Prentsaurrekoan izan dira ere Aralarren koordinatzaile Patxi Zabaleta, Legebiltzar taldearen bozeramaile Aintzane Ezenarro , eta Ainhoa Beola Donostiako zinegotzia, Dani Maeztu legebiltzarkidea, Txentxo Jimenez Nafarroako legebiltzarkidea eta Alex Larragoiti Arabako koordinatzailea.

“Ezker abertzalearen esparru politikoak behar du egitura politiko egonkor eta iraunkorra, zeinetan ezker abertzalearen bi sentsibilitate historikoek bat egingo dutena , XXI. mendeko Europako nazio ikuspegiaz”, jasotzen du testuak. “Gaur zatituta dagoen ezker abertzale anitz eta zabalak etorkizunean elkar hartuta jardun ahal izan dezan saiatzeko betekizuna dugu”, dio Aralarrek. Alderdiak onartu du “epe motzera eta laburra zailtasunak egongo direla, baina epe luzera eskaintza honi baietz esatea” espero duela. “Hauteskundeek ezin diote eragotzi euskal gizarteari ezker abertzale zibil eta zabal bat izatea”, gaineratu dute.

 

Dokumentua osorik: 

 

ARALARREN PROPOSAMENA EZKER ABERTZALEKO BESTE SENTSIBILITATEARI ETA ABERTZALEEN BATASUNARI ETORKIZUNAZ AZTERKETA BATERATUA EGITEKO

 

Aralar alderdiak Euskal Herrian egoera politiko eta sozial berria garatzen ari dela irizten dio, eta horrek erabaki ausartak eta eskuzabalak hartzera behartzen gaitu eragile politikooi. Euskal Herriko gizarteak unearen garrantziaz jabetu gaitezen eskatzen digu. Horregatik, ondoko proposamen hau publikoki egiten dugu, aurrez modu pribatuan egin dugun bezala. Enplazamendu honen funtsa honako hau da:

 

1) Herri ikuspegitik, zein ezker zabal, eraldatzaile eta eraginkor baten posizionamendu ideologikotik, jabetzen gara Euskal Herriak, gure herriak, euskal gizarte osoaren –abertzale zein abertzale ez direnen- ikuspegi zabala izatea eskatzen digula. Gure ekarpen politikoa printzipio abertzale eta ezkerreko baloreetatik egin beharrekoa da, Ezker Abertzaleko bi sentsibilitateek komunean defenditzen ditugunak.

 

Gaur egun Euskal Herrian sortzen ari diren baldintza berriek bideragarria egin dute Ezker Abertzaleko bi sentsibilitateok azterketa politikoa lehenik eta, agian gero, jokabide estrategikoak partekatu ahal izan ditzagun. Bide soilik polítiko eta demokratikoetatik jarduteko irizpidea eta giza eskubideetan oinarritutako eskubide zibil eta polítiko guztien aldarrikapenetik abiatuta, komuna zaigun esparru polítiko osoaren garapena bultzatzea aztertzeko garaia heldu da.

 

2) Aralarrek elkarrizketa proposamen hau ez du aurretiazko inolako baldintzetara lotzen; ez ilegalizazioari, ez oraindik abian den baina gauzatzeke dagoen baketze eta normalizazio politikoari ere. Gai estrategikoetan edota hauteskunde proposamenetan ditugun desberdintasun ideologikoak eta diskrepantzia poltikoak ezin dira oztopo izan beharrezkoa den analisi bateratua eta etorkizunaren prospekzioa egiteko, erabakigarriak izan baitaitezke gure herriaren etorkizunerako.

 

3) Aralarren ustez, Euskal Herriak agente politiko abertzale eta independentista bat behar du, ideologikoki egituratua, eta izaeraz ezker zabal, eraldatzaile eta eraginkorra izanen dena. Asmo hau ezin du ordezkatu soilik aldarrikapen nazional batera mugatzen den indar metaketa batek, frente, foro edo egoeraren arabera egituratutakoa. Ezker Abertzalearen espazio politikoak egitura politiko egonkorra eta iraunkorra behar du, Ezker Abertzaleko bi sentsibilitate historikoek bat eginen dutena.

 

Gaur zatituta dagoen ezker abertzale anitz eta zabalak etorkizunean elkar hartuta jardun ahal izan dezan saiatzeko betekizuna dugu. Etorkizuneko ezker abertzale osoaren ezaugarri ideologikoak, jokamolde estrategikoak, barne egiturak eta jarrerak aztertu, eztabaidatu eta, ahal denean adosteko bideak arakatu behar ditugu.

 

Ezker abertzaleak bere osotasunean aztertu eta eztabaidatu behar du nola eraikitzen ditugun gehiengo sozialak erabakitzeko eskubidea praktikara eraman ahal izateko, eta zein aterabide ematen diogun demokratikoki eta eraginkortasunez lurraldetasunaren aldarrikapenari. Ezker abertzaleak eraginkorra eta eraldatzailea den ezker indartsua, eta kultura politiko berrietan oinarritua eraikitzea izanen du xedetzat; eta hori, aniztasun sozialaren eta ingurumenaren zaintza zuhur eta tinkoaren ikuspegitik egin beharrekoa da.

 

4) Beharrezkoa da Euskal Herriko baketze eta normalizazio politikorako zinezko ibilbide-orri bakarra den Gernikako Akordioko puntu guztiak osorik bete daitezen bultzada egitea.

 

Elkarbizitza sozialerako derrigorrezko betebeharrak dira indarkeria guztietako biktimen aitortza eta konponketa, zein preso politiko guztientzat espetxe politikan urgentziazko neurriak hartzea eta amnistia jorratzea.

 

5) Euskal Herriko gizarte zibilak, non gehiengo garrantzitsu batek bere burua aurrerakoi, abertzale eta ezkertiartzat duenak, eskatzen digu Ezker Abertzaleko bi sentsibilitateok egoeraren analisia bateratu dezagun, eta elkarlan politikorako aukerak landu ditzagun, etorkizuneko ezker abertzale zabal eta demokratikoa eraikitzeko.

 

Jarrerak hurbiltzeko beharrezkoa da gaizki-ulertuak eta liskarrak gainditzea, elkarlana abiatzea eta finkatzea, eta beharrezkoak diren hurbiltasunak eta konplizitate politikoak sortzea, aurrerapausoak finkatze aldera. Baina horretarako, nahitaezkoa da, beste ezer baino lehenago, egungo egoera politikoaren analisia partekatzea.

 

Aralarrek orain baino lehenago ere elkarrizketarako proposamenak eginak ditu, eta gaur modu publikoan honako enplazamendua egiten dugu:


ENPLAZAMENDUA:

 

Aralarrek ezker abertzaleko beste sentsibilitateari eta ABri elkarrizketak abian jartzea proposatzen die, aurretiazko inolako baldintzarik eta mugarik gabe, analisi bateratu bat egiteko, eta abertzale, independentista, demokratiko, ezkertiar, zabal, eraldatzaile, ingurumenarekin konprometitutakoa eta Euskal Herri osoan eraginkortasun politikoz jarduteko gauza izanen den indar metaketa baterako beharrezko baldintzak eztabaidatzeko eta lantzeko.