Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek ertzaintzaren patruiletan gutxienez kideetako bat elebiduna izatea eskatuko du Legebiltzarrean

Aralarrek ertzaintzaren patruiletan gutxienez kideetako bat elebiduna izatea eskatuko du Legebiltzarrean

2009/10/09
  • Basabe
  • Ertzaintza
Ertzaintzarekin hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatzen ez dela salatu du Aralarrek Legebiltzarrean. Autonomia Estatutuak eta 10/82 legeak jasotzen duen eskubidea nola bermatuko duen galdetu dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari. Honek, “orain arte egin den politikarekin” jarraituko duela eta “gehiengoak” baldintza hori betetzen duela adierazi du.

Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek erantzun dio, “aurreko Jaurlaritzak egindako politika aldatzen ez badugu, legea ez da beteko eta arazo berdina izaten jarraituko dugu”, leporatu dio. Ildo horretan, Basabek kritika egin dio Aresi, “aldaketaren gobernua denak, aldaketa jarri behar du, herritarren onerako”, esanez. “Eskubideak bermatze aldera, progresibotasuna gora eta progresibotasuna behera, urratsak eman behar dira”, gaineratu du legebiltzarkideak.

Horregatik, Aralarrek ekimena hartu eta, hizkuntza eskubideak bermatzeko, Jaurlaritzari mozio baten bidez eskatu dio “ertzaintzaren patruiletan kideetako bat gutxienez elebiduna izan dadila, herritarron hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatze aldera”.

Aralarrek aurreko legegintzaldian funtzio publikoaren legea aldatzeko egindako proposamena egin zuen eta “horren harira dator ekimen berria”, argitu du Basabek. “Ikusita Herrizaingo sailak ez duela neurri berririk hartzeko asmorik hizkuntza aukera eskubidea benetakoa izan dadin, eta egindako azkeneko enplegu publikorako eskaintzan ere hizkuntza eskakizun oinarrizkoena eskatzen dela, Aralarrek harago joan eta neurri zehatza proposatuko dio Jaurlaritzari, hizkuntza eskubideekin betetzeko”.