Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek errektifikatzea eskatu dio Quirogari Valladolideko alkatearen hitzak babesteagatik

Aralarrek errektifikatzea eskatu dio Quirogari Valladolideko alkatearen hitzak babesteagatik

2010/10/23
  • quiroga
  • ezenarro
  • matxismoa
  • berdintasuna
Ezenarrok gogorarazi dio "Legebiltzarreko presidente moduan gizartearen gehiengoaren iritzia errespetatu beharko lukeela". Hurrengo Bozeramaileen Batzordean egingo dio Aralarrek errektifikazio eskaria Arantza Quiroga, Legebiltzarreko presidenteari.

 

Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok kritikatu egin ditu Legebiltzarreko presidentearen hitzak, Valladolideko alkateak egindako adierazpenen haritik. “Ezin dugu onartu ordezkari publiko batek era horretako adierazpenak egitea, baina, are gutxiago, herri honen bigarren erakunde nagusienaren ordezariaren aldetik; gainera, Valladolideko alkate Javier Leon de la Riva hautagai ona dela esaten duenean”, salatu du Ezenarrok.

“Tamalgarria da Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazpen matxista horiek duten larritasuna kentzen saiatzea”, leporatu dio Aralarren ordezkariak. “Ez dugu bere hitzekin bat egiten, ez ditugu onartzen eta ezin gara isilik geratu erakundeetan ordezkatzen gaituenak era horretako adierazpenak egiten dituenen. Hori dela eta, errektifikazioa exijitzen diogu. Izan ere, ez da lehenengo aldia bere kargu instituzionalari muzin egin eta termino partidistak erabiltzen aritzen dena”, gehitu du Ezenarrok. Hala, Legebiltzarreko Bozeramaileen hurrengo Batzordean errektifikazioa eskatuko diola iragarri du Ezenarrok.

Aralarren bozeramaileak Arantza Quirogari gogorarazi dio, “Leon eta bereak moduko adierazpenek urrunarazten dutela gizartea politikatik, eta areagotu egiten dute politikoen ospe txarra herritarren artean”.

Era berean, Ezenarrok bere elkartasuna adierazi dio Leire Pajini.