Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta exijitu du pentsio sistemaren eta lan merkatuaren erreformaren inguruan

Aralarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta exijitu du pentsio sistemaren eta lan merkatuaren erreformaren inguruan

2010/02/10
  • Ekonomia
  • Ezenarro
  • Jon Abril
Aralarrek ekimena aurkeztu behar du Legebiltzarrean Gizarte Segurantzaren transferentziaren eta ekonomia arloko beste zenbait gairen inguruko —pentsio sistemaren eta lan merkatuaren erreformak— eztabaidak ganberara ekartzeko. Aintzane Ezenarro legebiltzar taldeko bozeramaileak salatu duenez, “Espainiako gobernua egiten ari den iragarpenen aurrean ikusle gisa jokatzen ari gara”. Prentsaurrekoa eskaini du Ezenarrok gaur goizean Bilbon, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearekin, eta Josu Murgia, Rebeka Ubera eta Iñaki Aldekoa batzarkide taldeetako bozeramaileekin batera.

“Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioan hasi eta lan merkatuaren erreformara helduta, euskal gehiengo sindikalak ez du eztabaida horietan parte hartu. Euskal langileriaren gehiengoa ez da parte hartzen ari hain garrantzitsuak diren gai horietan”.

“Beraz”, azpimarratu du Ezenarrok, “eragiten diguten gai ekonomikoetan ere daukagun erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen eta exijitzen dugu; pentsioen eta langabezia prestazioen inguruan erabakitzeko eskubidea izatea; gizarte bezala sortzen dugun gizartea nola banatzearen inguruko erabakitzeko eskubidea”.

Egoera horren aurrean, Aralarreko legebiltzar taldeak ekimena aurkeztu du, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa aldarrikatzeko. “Ez bakarrik Estatutuak horrela jasotzen duelako edo ikuspuntu abertzale batetik. Auketa eta pragmatismo irizpidearengatik aldarrikatzen dugu”. Zentzu horretan, gaineratu du “kudeaketa hurbil batek kontrol sozial handiagoa izateko aukera ematen du, eta zuzenki kaltetuen, sindikatuen eta langileen aprte hartzea hobetzen du”.

Jon Abrilek, bere aldetik, esan du Aralar Espainiako Gobernua proposatzen ari den neurrien kontrakoa dela, “inprobisazioan oinarrituak daudelako, aldebakarrekoak direlako eta sozialki atzerapausoa direlako, eta ez diotelako erantzuten krisiaren sorburuari”. Gaineratu duenez, pentsioak kotizazioekin finantzatutako seguru publikoko sistema izatetik herritarren eskubide izatera pasa behar dute, zergekin finantziatutakoa. “Eredu kontributibo batetik eredu misto batera pasa behar dugu”. “Bidegabea da Espainiako estatuko BPGa orain dela 15 urte baino %50 handiagoa denean planteatzea pentsio sistemaren aldaketa. 1995ean baino %150 aberatsagoa garenean, pentsioak bermatzeko ez genuke inolako arazorik izan behar. Arazoa da errenta handiago hori gero eta okerrago banatzen dela. Elkarteen gaineko zergaren erreforma murriztaileekin amaitzea eskatzen du logika honen aplikazioak. Zergen progresibitate egokia bilatu behar dugu soldata eta sarrera altuak zamatuz, eta luxuzko ondasunei zein kutsagarriei lotutako zerga berriak sortu beharko lirateke”.

Bestalde, zerga sistema aldatu behar da, progresibitate handiagoa lortuz, Aralarreko bozeramaileak esan duenez, eta gaineratu du jubilazio adina atzeratzeak lana lortzeko aukerak murrizten dizkie langabetuei.

Horrez gain, nabarmendu du lan-merkatuaren erreforma, “berriz ere, langileen bizkar egin nahi da, eta hori arbuiatu egiten du Aralarrek”. “Lan-merkatuaren malgutzeak errenta banaketa okertzea dakar, ez dio erantzuten krisiari”, azpimarratu du Abrilek.