Aralarrek enplegu eta inbertsio plan bereziak eskatu ditu langabeziaren datu dramatikoei aurre egiteko
Izan ere, azken hilabeteotan langabezia tasak izandako hazkundearen ondorioz, Hego Euskal Herrian 200.000 langabeturen kopuru adierazgarria gainditu da. “Horren aurrean, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko gobernuen ardura bakarra da defizitari eustea, eta arlo sozialean murrizketak ezarri eta ezarri ari dira. Baina agerian geratzen ari da politika okerra dela hori, ekonomia ez delako suspertzen, lanpostuak ez direlako sortzen, eta langabeziaren drama gero eta sakonagoa delako gure gizartean”, esan du Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordeak.
Egoera horri aurre egiteko, enplegu eta inbertsio plan sendoez gainera, langabezian geratu diren pertsona eta familiei estaldura soziala emateko, enplegu eta zerbitzu publikoak mantentzearen eta indartzearen alde egiten du Aralarrek. “Zerbitzu publikoa indartzea, eta beraz, zerbitzu sozial publiko horietan lanpostuak sortzeak, balioko du alde batetik langabeziari aurre egiteko, eta bestetik, eta hori da une honetan garrantzitsuena, premia gorrienean dauden pertsonei inoiz baino beharrezkoagoa den estaldura soziala emateko”, agertu du Maeztuk.
Bestalde, Hego Euskal Herriko gobernuen politiken “porrota” agerian geratzen ari dela azpimarratu du Aralarreko koordinatzaileordeak. “Ageri-agerikoa da enplegua sustatzeko ezarri dituzten politikek porrot egin dutela. Hori aitortu beharra dute, eta eragile ekonomiko, sozial eta politiko guztien artean neurri eraginkorragoak adostu behar dira”.
Zentzu horretan, Maeztuk nabarmendu du PSOEk bere garaian ezarritako lan erreformak eta PPk orain ezarri nahi duenak ez duela balio izan langabeziari aurre egiteko eta enplegua sortzeko. “Esaten dutenaren kontrara, PPren erreforma ez da eraginkorra izango enplegua sortzeko. Kaleratzeak errazteko bakarrik balioko dute, eta ez enplegua sortzeko eta langabeziaren ondorioei aurre egiteko”.


