Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek "elkarrizketa" aldarrikatu du Bilbon, euskal gatazka konpontzeko

Aralarrek "elkarrizketa" aldarrikatu du Bilbon, euskal gatazka konpontzeko

2011/10/22
  • Maeztu
  • Gernikako Akordioa
  • ETA
Gernikako akordioaren sinatzaileek deituta milaka pertsona elkartu dira gaur Bilboko manifestaldian.

ETAk borroka armatuari utzi diola iragarri osteko lehenengo manifestaldia izan den honetan, jendetza bildu da “Euskal Herriak konponbidea nahi du” pankartaren atzean. Aralarrek ere ordezkaritza zabala izan du Bilboko ekitaldian. Patxi Zabaleta koordinatzailearekin eta Dani Maeztu koordinatzaileordearekin batera, Rebeka Ubera antolaketa arduraduna, eta Maite Sarasua, Txentxo Jimenez eta Iosu Murgia ejekutibako kideak ere izan dira. Iruñeako zinegotzi Aritz Romeo, Espainiako Kongresurako Aralarren hautagai Jon Inarritu eta Iratzarriko kideek ere bat egin dute deialdiarekin.

Manifestazioa hasi aurretik adierazpenak egin ditu Dani Maeztuk. “ETAK borroka armatua utzi duela iragarri duen honetan, uste dugu garaia dela eskatzeko Gernikako Akordioak ezartzen duen ibilbidea betetzea. Are gehiago, Aieteko adierazpenean ibilbide hori berretsi egiten denean”.

“Borroka armaturik gabeko testuinguruan kokatzen garen honetan, momentua da elkarrizketaren beharra aldarrikatzeko”, esan du Maeztuk. Aralarren bozeramaileak bereziki azpimarratu du elkarrizketaren beharra. “Elkarrizketa biktimak errekonozitzeko eta merezi duten erreparazioa emateko; elkarrizketa preso daudenen eskubideak betetzeko; eta elkarrizketa, alderdi guztien eta gizartearen arteko elkarrizketa, herri honetan bizi den gatazka gainditzeko helburuarekin.

Maeztuk gaurko ekitaldia aprobetxatu du bake “iraunkorra, inklusiboa eta guztiak irabazle aterako garen bakea” aldarrikatzeko.