Aralarrek elebitasun erreala lortzeko urrats sendoak ematea eskatu die erakundeei, Euskararen Nazioarteko Egunean
- Euskara
Aralarren ustez, azken urte honetan zenbait atzerapauso gertatu dira euskararen normalizaziorako lanean. Herritarrek euskarara hurbildu, ezagutu eta erabiltzeko ahalegina egiten duten arren, zenbait erakunde Euskal Herriak berezkoa duen hizkuntzari oztopoak jartzen ari dira.
EAEn, esaterako, PSE-EEren Jaurlaritzaren hezkuntzako hizkuntz ereduen proposamenak ez du bermatuko derrigorrezko hezkuntza bukatzean gure neska-mutikoek euskara ondo ezagutu eta erabiltzeko gaitasuna izatea. Aralarretik eskatzen diogu Jaurlaritzari eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei hausnarketa egin dezatela, hezkuntzak euskararen normalizazioan orain arte egin duen ekarpenean sakondu ahal izateko. Era berean, salatu beharrean gara euskararen eremu osora diru laguntzak emateari uko egin diola Jaurlaritza berriak, Nafarroako eta Iparraldeko erakunde eta eragileak laguntza gabe utziz.
Baina, zalantzarik gabe, Nafarroako UPNren gobernuak, PSNren laguntzarekin, izan du euskaren kontrako jarrera oldarkorrena. UPNren gogoz kontra izan bada ere, azkenean Nafarroako parlamentuak onartu zuen eremu mistoa beste sei udalerritara zabaltzea. Baina aurrerapauso txikiari buelta emateko ez du denbora asko behar izan Nafarroako Gobernuak. Orain, herrialdeko euskara taldeentzat dirurik ez dagoela eta, laguntzarik gabe utzi ditu euskararen normalizazioaren alde hainbeste lan egin duten taldeak eta herritarrak. Bereziki larria iruditzen zaigu Nafarroan euskaraz aritzen diren komunikabideei diru laguntza ukatu izana, horietako gehien-gehienak itolarrian utzi baititu.
Iparraldean bizi du euskarak egoerarik gogorrena. Euskarak ez du eraso zuzenik jasotzen, baina erasoa baino txarragoa dena bizi dute bertako euskaltzaleek: bertako instituzioek ezikusiarena egiten dute, eta beraz, euskara sustatzeko egiten duten politika hutsaren hurrengoa da. Azken baten, euskara tresna folkloriko izatera mugatu nahi dute.
Aralarretik beste behin dei egiten diegu instituzioei elebitasun errealera hurbiltzeko lan egitera, 60 urte barru egoera berean egon ez gaitezen. Aralarrek konpromisoa hartzen du parte hartzen duen erakunde, gizarte mugimendu eta gizarte eremu guztietan euskara bultzatzeko eta defendatzeko.
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Aralarrek pozik hartu du Kultura sailburuaren konpromisoa euskal hiztunari egindako adierazpenak gaztelaniaz errepika ditzala ez eskatzeko
- Basabe: “Hiru gezur esanda, euskararen erabileraren kontra egiteko aldatu dute legea PSE-PP-UPyD alderdiek”
- Basabe: “Aldaketaren gobernu izan gura zuen horrek, PPren eskutik eta UPyDren itzaletik dakarkigu aldaketa”
- Euskararen Egunaren harira, Inaki Irazabalbeitiak idatzitako iritzi artikulua


