Aralarrek ekimena hartu du datorren gobernuari erantzun sozial eta politikoa egituratzen hasteko
Ezenarroren hitzean, “datorkigun gobernuari aurre egiteko erantzuna artikulatu behar dugu, guztion artean oztopa dezagun inolako materiatan atzerapausoak ematea, bai eta beste hainbat arlotan alferrik galdutako legegintzaldia izatea. Horretarako ARALARrek ekimena hartuko du gaurtik bertatik bide horretan elkarrekin erantzuteko prest egongo direnekin harremanetan jartzeko eta aldarrikapen horiek guztiak erakundeetara eramateko, bestelako ekimenak baztertu gabe, hala nola, kaleko mobilizazioak”.
Aintzane Ezenarroren agerraldia osorik:
Alderdien arteko lehenengo kontaktuen ostean, eta oraindik ezer ere erabat itxita ez dagoen arren, badirudi PSE izango dugula gobernuan agintzen, eta hau posible izango da PPk horren alde bozkatuko duelako gehiengo abertzalea den gizarte baten. Eta gure ikuspegiko horixe da, hain justu, gobernu hipotesirik txarrena.
Era guztietara, Aralar oposizioan egongo da eta oposizio arduratsua egiten saiatuko da ezkerretik eta ikuspegi abertzale batetik, halaxe agindu digulako gizarteak; beti ere era konstruktibo baten, proposatzailea baina era berean tinkoa, beti ere krisiaren aurrean gizarteari erantzuna eman nahian, giltzarri diren gaietan atzerapausorik egon ez dadin eta gizartearen gehiengo sozial eta politikoak eskatzen duen bidetik aurrera eginez.
Atzerapausorik egon ez dadin eta bere arazoak konpontzen duen gizartea eraikitzen joateko, behar-beharrezkoa da erantzun politiko eta soziala artikulatzea PSE-PP frenteak ekar dezakeenaren aurrean. Eta erantzun hori gauzatzen joan dadin, gaur gaurkoz lau ardatz nagusitan lanean hasiko gara.
Krisiari erantzuna.
Erreskate sozialerako plana. Krisi ekonomikoaren ikuspegitik, oso larria deritzogu PSEk gobernu bat eratu nahi izatea behin eta berriz PPren aldeko bozken premia izango duena, izan ere, ezagutzen baitugu alderdi popularraren errezetak krisi ekonomikoari aurre egiteko zeintzuk diren: gehien dutenei zergak jaistea, lan merkatuaren liberalizazioa gehitzea eta kaleratzeak merketzea… Hori dela eta, uste dugu elkarlana ezinbestekoa dela krisiari erantzun soziala eman behar zaiola sinisten dugunon aldetik, premia gehien dituztenentzako neurriak hartuko dituen erantzuna: arlo sozialean inbertsioak gehituz, babes sozial gehiago, errentarik altuenentzako zerga fiskalak gehitzea, eta krisiaren kontrako planak egiteko elkarrizketa soziala; era berean, langileekin adostu gabeko ERE gehiagorik ez onartzea. Lan harremanetarako, enplegurako politika aktiboetarako edo gizarte segurantzarako konpetentziak ere eskatuz.
Horregatik guztiagatik, ARALARrek sindikatuekin harremanak hasiko ditu gure proposamenen berri emateko eta batez ere langileen ordezkarien ikuspegia gertutik ezagutzeko eta legebiltzarreko eztabaidara eramateko euren proposamenak. Hauetako hitzorduetako batzuk jada jarrita daude egutegian eta asmoa da datozen asteotan guztiekin egotea.
Euskara eta hezkuntza
PSE-PP frentea errealitate bihurtzen bada arlo honetan eragin zuzena izango duelakoan gaude. Hori dela eta, hizkuntza normalizazioan aurrera egin behar dela defendatzen dugunok, eta atzerapausorik emateko prest ez gaudenok, indarrak batu behar ditugu arlo sozialetik, hezkuntzatik eta politikatik, eta erantzun bateratua egiteko prest egon behar dugu. Horretarako, hainbat agente sozialekin bilduko gara, hezkuntza arloko kolektiboetako ordezkariekin, guraso elkarteekin… Euren ikuspegia ezagutu nahi dugu, euren ardurak zeintzuk diren eta arlo honetan zer egin genezakeen ikusi. Gobernu berriak arlo honetan hartuko dituen erabakien adi egongo gara eta gure eskutan dagoen guztia egingo dugu hezkuntza sistemak bila dezan ikasle guztiek, derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzen dutenerako, gure erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan hitz egiteko gai izan daitezela.
Erabakitzeko eskubidea
Azkeneko 10 urtetan bide bat egin dugu, bere asmakizun eta akatsekin, erabakitzeko eskubidea aitortzeko bidean. Hauteskundeetan ere argi geratu da herri honen gehiengo sozial eta politikoak defendatzen duen aldarrikapena dela. Uneotan Estrasburgoko auzitegian dago aldarrikapena eta nazioartean gehiago zabaldu beharko dugu aldarrikapena da.
Ezin dugu onartu hasiko den legegintzaldia arlo honetan alferrik galduko dugun legegintzaldia izatea. Abertzaleok eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugun guztiok, inongo exklusiorik gabe, inork abertzale labela inori emateko agintea duela pentsatu gabe, gure indarrak batzeko gaitasuna izan behar dugu gehiengo baten aldarrikapena izaten jarraitzen duen erabakitzeko eskubidearen alde, batzuei traba egingo badie ere, hortxe baitago gure indarra. Indarguneak batuz bakarrik batzen ditugu gehiengoak. Eta indar demokratiko hau, gehiengoa izateak ematen digun arrazoi demokratikoak, ezin du indarkeriak zikindu; giza eskubideen ikuspegitik onartezina izanik, gainera gure borroka nazionala garatzeko lastrea baita.
Indarrak batzetik lan egin behar dugu, hemen eta nazioartean, baina aurkezpen gutun garbi batekin, ikuspegi demokratiko batetik begiratuta. Horretarako, ARALAR erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdi guztiekin elkartuko da, ABtik hasita, helburu amankomun horretan aurrera egin ahal izateko.
Indarkeriaren zurrunbiloa
Gure ikuspegiko atzerapausuak izan ditzakeen beste lan arlo bat, indarkeriaren zurrunbiloa deitu dena da. Alde batetik, indarkeriaren kontrako borroka giza eskubideak zapaltzetik ezin dela joan esaten jarraituko dugu, ilegalizazioen kasuan gertatzen ari den moduan. Eta inork ez dezala ARALAR erabili justifika ezina dena justifikatzeko. Legebiltzarrean pertsonak ordezkatzen dira, ez ideiak. Eta gaur gaurkoz 90.000 lagun baino gehiago dago Legebiltzarrean ordezkaritza izan gabe, bai eta espetxean dauden pertsona asko politika egin nahi izateagatik bakarrik.
Hauteskundeetan egoterik izan ez duten ordezkariekin egoten saiatuko gara iritzi elkartrukaketa egiteko eta ilegalizazioaren eta espetxeratzeen kontra zer egin genezakeen ikusteko eta parte-hartze bideak nola gauzatu daitezkeen aztertzeko.
Baina honez gainera, PSEk eta PPk sufrimenduaren inguruan daukaten ikuspegi laburra dago. ETAren biktimei errespetua eta errekonozimendua zor diegu. Beste sufrimendu batzuk ere ulertu egin behar dira, hala nola, presoen sakabanaketa edo poliziaren biktimak. Aurreko legegintzaldian poliki-poliki hasitako lana ezin da legegintzaldi honetan erabat izoztuta geratu. Eurak ordezkatzen dituzten elkarteekin egoten saiatuko gara eta jarraituko dugu erakundeen aldetik ikuspegi zabalagoa eskatzen. Beste batzuen ahazturaren aurrean, adierazi nahi diegu ez ditugula ahazten eta lan egingo dugula biktima guztiek tratu bera izan dezaten. Era berean, lehen ere egin izan dugu bezala, prest gaude gurekin batzartu nahiko luketen biktimen elkarteekin ere egotera.
Lan ildo hauez gainera, legebiltzarreko gure lan antolatzen ari gara programan aurkeztu genituen lan ildoen inguruuan: politika soziala eta etxebizitza, ingurumen politikak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, etorkinen eskubideak… eta sektore hauek guztiak batzen diren elkarteekin ere egongo gara.
Azken baten, datorkigun gobernuari erantzuteko moduko erantzuna artikulatu behar dugu, guztion artean oztopa dezagun inolako materiatan atzerapausoak ematea, bai eta beste hainbat arlotan alferrik galdutako legegintzaldia izatea. Horretarako ARALARrek ekimena hartuko du gaurtik bertatik bide horretan elkarrekin erantzuteko prest egongo direnekin harremanetan jartzeko eta aldarrikapen horiek guztiak erakundeetara eramateko, bestelako ekimenak baztertu gabe, hala nola, kaleko mobilizazioak.


