Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek EAri eskatu dio Iruña-Veleiako aztarnategiaren kudeaketan seriotasunez eta gardentasunarekin jokatzeko

Aralarrek EAri eskatu dio Iruña-Veleiako aztarnategiaren kudeaketan seriotasunez eta gardentasunarekin jokatzeko

2010/08/02
Iruña-Veleiako aztarnategiaren kasuan EAko arduradunek egindako adierazpenei erantzunez, Aralarrek EAri gogoratu dio bere akatsek ere oihartzun politikoa dutela, eta bere erantzukizun faltaren ondorioz, Arabako eta Euskal Herriko ondare historikoak kalte konponezina izan dezakeela.

EAko diputatuak egindako adierazpenek agerian uzten dute talde horren eta Diputazioaren arduragabekeria. Era berean, Aralarrek uste du Lorena Lopez de Lacalle diputatuak ez zuela lasaitasuna ekar dezaketen erantzunik eman bere adierazpenetan, eta Iruña-Veleiako kasuan epaitegien erantzunaren zain daudela gogoratu du.

 

Auzia epaitegietan dago eta Aralarrek obrak geratzeko eskatu du beste behin, epaitegiak aurkitutako piezak egiazkoak diren edo ez erabaki arte gutxienez.

 

Arabako ondare historikoa gordetzeko garrantziaz ohartarazi du Aralarrek, eta ego pertsonal zein profesionalak alde batera uzteko eskatu du, horrek korrika ibiltzea, emaitzak lehenbailehen ikusi behar izatea eta aztarnategirako kudeaketa plan aproposik ez egotea dakarrelako.

 

Horregatik guztiagatik, egiten ari diren lan guztiak geratu egin behar direla uste du Aralarrek. Halaber, egungo gobernu taldeak edo EAk zuzentzen duen Sailak arduragabekeriaz jokatu duen edo ez aztertu behar dela uste du. Auzi honetan profesionaltasunez eta irizpide argiekin jokatu behar dela deritzo Aralarrek.