Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek, EAk eta Ezker Batuak salatu egiten dute PSE-PPk gainontzeko talde parlamentarioei eta Legebiltzarrari egiten dieten mespretxua

Aralarrek, EAk eta Ezker Batuak salatu egiten dute PSE-PPk gainontzeko talde parlamentarioei eta Legebiltzarrari egiten dieten mespretxua

2011/09/06
  • Lanbide
PPk eta PSEk bertan behera utzi dute Lanbide arautzeko legearen eztabaidarako lan taldea, gaurko hitzordua orain dela hilabete bi jarri zen arren.

Lanbideren egitura juridikoaren inguruan eta administrazio kontseiluaren eraketa eta erabakiak hartzeko prozeduraren inguruan PPk eta PSEk dituzten diferentziak direla eta, Legebiltzarrean eratutako lan taldea bertan behera uztea erabaki dute gaur goizean, gobernu akordioari jarraipena egiten dion batzordeak gaia eztabaidatu arte. Hilabete bi da Legebiltzarreko lan taldea antolatu zela eta gaurko hitzordua jarri zela. Gaur, aldiz, talde bi horiek, beste talde parlamentarioei muzin eginez, lan taldearen bilera bertan behera uztea erabaki dute, aurretik egin beharreko lana ez egiteagatik.

Hori dela eta, Aralar, EA eta EBko ordezkariek salatu egin dute PPk eta PSEk duten gobernu akordioak Legebiltzarraren lana geraraztea, are gehiago, bi hilabete izan dituztenean akordioako puntu zehatz hori adosteko. Aralarrek, EAk eta EBk  uste dute  PSEk eta PPk mespretxu egiten diotela parlamentuari, bai gainontzeko  taldeei ere. Hala, euren arteko diferentziak Legebiltzarraren ohiko funtzionamendua  oztopatzen duela salatu dute eta irudi oso kaskarra  ematen ari direla.  

Berriro ere agerian geratu da Patxi Lopez lehendakariaren gobernuaren ahulezia, erabaki garrantzitsuak hartzeko orduan daukan gutxiengoa eta alderdi popularrarekiko duen mendekotasuna. Ez da onargarria botere exekutiboa legegilearen gainetik ezartzea Ostiralean 11:30ean ponentziak jarraitu egingo duela iragarri da.  Beti ere, eurek "adostu" behar dutena argi geratzen bada.