Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek dio Urdaibaiko Guggenheim museoa kokatzeko kokalekurik desegokiena aukeratu dela

Aralarrek dio Urdaibaiko Guggenheim museoa kokatzeko kokalekurik desegokiena aukeratu dela

2010/02/22
  • Maeztu
  • Ingurumena
Museoaren bideragarritasuna aztertzeko egin diren hamabi txostenetatik bederatzik ez dute kokalekuaren inguruan aipamenik egiten; beste hirutatik bik desegokia dela diote. Aralarren iritziz badago eskualdean museo bat kokatzeko aproposagoak diren beste lurzorurik, “ingurumen inpaktua txikiagoa” suposatuko luketenak. Gai honen inguruan eta Urdaibaiko EKAP (Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana) interpelazioa zuzenduko dio alderdiak Ingurumen sailburu Pilar Unzaluri, ostiralean egingo den kontrolerako osoko bilkuran.

Aralarrek Eusko Legebiltzarrean egin duen prentsaurrekoan salatu du Guggenheim II museoaren egitasmoa “kontraesankorra dela eta ildo zehatzik gabe burutzen ari dela”. Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk eta Gernikako zinegotzi Joseba Abaituak azaldu dute “erakunde publikoak koordinazio gabe” aritu direla eta kasu hauetan egiten den beste aukera batzuen azterketa egin ez dela: “Urdaibain badago ingurumen inpaktu txikiagoa ekarriko lukeen kokalekurik. Horretarako lurzorua egon badago eta museo bat ezartzeko ez da hirigintza arloan presio gehien pairatzen ari den zonaldera zertan joan behar, babes handien behar duen erreserbaren txokora joan behar”, esan du. Aukera “arbitrarioki” egin dela salatu du Maeztuk.

Alderdiak argi utzi nahi izan du “ezin daitekeela eskualde oso baten garapen sozioekonomikoa proiektu honen esku utzi”.  Alderdiak egokiago deritzo egun Urdaibain indarrean dagoen jarduera sozioekonomikoa garatzeko plana berritzea. Horrela, “erreserba babestea oinarri hartuz, estrategikoki garatu behar diren hainbat neurri jasoko lituzke planak”. Maeztu legebiltzarkideak neurrietako batzuk aipatu ditu. Gernikan dagoen industrialdearen erabilera indartzea, esaterako, “gaur egun ia hutsik dagoena; toki horretan kokatu daiteke nazio-mailan erreferentea izan daitekeen kultura-azpiegitura bat”, adierazi du.

Aralarrek gogoratu du oinarrian beste batek izan behar duela eztabaida: “exijitzen dugu eztabaida beste toki batean kokatzea, Busturialdea bere osotasunean sozio-ekonomikoki garatzeko behar diren ekimenak ez ahaztea”. “Bermeo-Zornotza trenbidearen bikoizketa egitea itxaroten ari gara, Gernikako Lanbide Heziketako goi mailako azpiegitura aldarrikatzen dugu, eta eskualderako saneamendu sareak berritua izan behar duela gogoratzen dugu”, esan du Gernikako zinegotzi Joseba Abaituak. Zinegotziak esan du “eskualdeko biztanleen sentsazioa dela beraien iritzia ez dela kontutan hartu museoaren kokalekua erabakitzeko orduan”.

Aralarrek EKAParen inguruan duen iritzia azaltzeko eta azalpenak eskatzeko interpelazioa zuzenduko dio alderdiak ostiraleko kontrolerako osoko bilkuran Ingurumen sailburu Pilar Unzaluri.