Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek dio Udalen Legearen gakoetako bat eskuduntzen banaketa eta horri dagokion finantzazioa izan behar dela

Aralarrek dio Udalen Legearen gakoetako bat eskuduntzen banaketa eta horri dagokion finantzazioa izan behar dela

2010/03/15
  • Maeztu
Etorkizuneko Udalaren Legearen inguruko bere iritzia eman du Aralarrek, gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan. Aralarrek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Eudelek igorri dion hasierako dokumentuarekin hasten den eztabaidari lehentasuna emateko, “inolako beto eskubiderik zein jarrera maximalistarik gabe, arduraz jokatuz, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioei lege-esparru egokia eskainiz, eta egun bizi duten egoera ekonomiko eta burokratiko itogarritik aterako dituena”.

Etorkizuneko Udalen Legeak izan behar dituen edukiak azaldu ditu Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak eta Durangoko zinegotziak. Gakoetako eskuduntzen banaketa eta horri dagokion finantzazioa izan behar dela azpimarratu du. “Aralarrentzat funtsezkoa da hori”. Gaur egun, udalei dagozkien eskuduntzez gainera, bereak ez diren eskuduntzak ere bere gain hartzen dituzte. “Berez, beste erakunde batzuen eskuduntzak dira, baina herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanik, eta herritarrek zuzenean haiengana jotzen dutenez, derrigorrean bete behar dituzte. Udalen funtzioak zeintzuk diren eta eskuduntzen banaketa-taula ondo zehaztu behar dira, ondo jakin ahal izateko non hasten den udalaren eskuduntza eta non amaitu”.

 

Maeztuk gaineratu duenez, “sektore araudiari exijitu behar zaio erakundeei eskuduntzak ematen dienean argi eta garbi zehazteko eskuduntzen banaketa zein den, eta, batez ere, horiek garatzeko izango den aurrekontua eta bereak ez diren eskuduntzak hartzeagatik horren titulartasuna daukan Administrazioak zenbateko diru laguntza eman behar duen”.

 

“Etorkizuneko legeak finantziaziorako atal berezi bat izan behar du, eta finantzen euskal batzordean gainontzeko erakundeekin parte hartze paritarioa izatea bermatu behar du”, esan du Aralarreko legebiltzarkideak. “Atal honetan, eta Lurralde Historikoen Legearekin izan daitezkeen eskuduntza arazoak saihesteko, udalen legeak eta Lurralde Historikoen Legeak bat etorri behar dute juridikoki”.

 

Eudelek proposatu ditu formulak, hala nola, lege berria Lurralde Historikoen Legean txertatzea, eta Aralarrek ez du proposamena txarto hartu. “Gure erakunde sarean udalek duten garrantzia aitortzeko adostasun politikoa badago, herritarrek ez dute onartuko jauntxo batzuk beren pribilegioak mantendu nahi izatea. Horrenbestez, Aralarrentzat Lurralde Historikoen Legea aldatzeak ez digu inolako arazorik eragiten, 25 urteren ondoren, lege hori errealitatera egokitu eta sortzen dituen disfuntzioak zuzendu behar direlako”.

 

Maeztuk esan duenez, gaur egunera egokitu behar dira tokiko erakundeen antolaketa eta funtzionamendua; talde politikoen, talde mistoaren eta atxiki gabeko zinegotzien kontua. “Liberazioen eta taldeen araudi ekonomikoa, udal organoen funtzionamendua, etab. Auto-organizazioari tartea utzi behar zaio, baina udal batzutan izaten diren egoera bereziak arautzeko marko normatiboa ezarriz”.

 

Baina beste edozeren gainetik, azpimarratu du, “Aralarretik ateak zabaldu nahi dizkiogu herritarrei. Oraindik ere, udal batzuetan herritarrei ez zaie parte hartzen uzten batzordeetan eta udalbatzetan. Udalen eguneroko bizitzan funtsezkoak diren bi arlotan herritarren parte hartzerako formulak jaso behar dira legean: aurrekontuak eta hirigintza plangintzak”.

 

Euskara administrazioko berezko hizkuntza izatea ere proposatzen du Aralarrek. “Administrazioarekin bi hizkuntza ofizialetan harremana izateko eskubidea bermatu arren, estatutuaren 6. artikulua jaso beharko litzateke, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela, eta hori administraziora eraman beharko litzateke. Modu honetan, euskara lan tresna izatera pasako litzateke, eta ez itzulpen enpresen lan-iturri nagusia”.