Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek dio Hego Euskal Herriko langabezia datuak guztiz larriak direla, eta krisiari ezkerreko erantzuna ematea eskatu du

Aralarrek dio Hego Euskal Herriko langabezia datuak guztiz larriak direla, eta krisiari ezkerreko erantzuna ematea eskatu du

2010/03/02
  • Ezenarro
Hego Euskal Herriko langabeziaren inguruko datuak “guztiz larriak” direla azaldu du Aralarreko legebiltzar taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrok. Otsailean, EAEn %1,07 egin du gora langabe kopuruak, eta beste 1.456 pertsona daude lanik gabe. Urteen arteko aldea %18,58koa da. Nafarroan ere %1,14 egin du gora langabeziak Nafarroa. Hego Euskal Herrian orotara, 180.913 dira lan gabe dauden pertsonak.

Ezenarroren hitzetan, “datuok agerian uzten dute elkartasun eta neurri sozialen premia, alde batetik; eta bestetik, PSE eta PPren politiken porrota eta bestelako neurri batzuen premia. EAEn porrot egiten ari da PSE eta PPren estrategia, Nafarroan UPN eta PSNrena porrot egiten ari den bezala.

Krisiari aurre egiteko, egiturazko neurriak eskatu ditu Ezenarrok. “Langabezia igotzea ez da koiunturazkoa den zerbait, konfiantza krisia ere ez da. Produkzioko eta merkatuko egituren porrotaren ondorioa da krisia. Arlo finantziero, industrial zein zerbitzuetako jokabideetan agerian geratzen da egiturazko krisia dela, eta ez dira aski ematen ari diren soluzioak, azaleko sendagaiak bezalakoak direlako”.

Aralarreko legebiltzarkidearen hitzetan, hiru arlotan eman beharko litzateke Administrazioaren erantzuna: alde batetik, zuhurtzia osoa eta austeritatea, “alferrikakoak diren gastu guztiak kentzeko”. Beste alde batetik,  " ezinbestekoak dira bestelako ereduak arlo industrialean, ikerkuntzan eta formakuntzan" . Hala, formakuntza lanbide ikastetxeetan egitea eskatu du, “eta ez soilik sindikatu eta enpresa erakunde batzuei batere balio ez  dieten langileen prestakuntzarako diruak emanez, Nafarroan egiten den bezala”. Era berean, Ezenarrok azpimarratu du ikerkuntzak publikoa izan behar duela, “eta diru publikoarekin egiten den heinean, ikerkuntza aplikatua egin behar da gainbegirada publikoak babestuta”. Horrez gain, eta hirugarren oinarri bezala, nabarmendu du beharrezkoa dela berrindustrializazio baterako egitaraua antolatzea, “eta langabezian dauden guztientzat elkartasun politikak ezartzea. Subsidio gabe geratu direnak babestu egin behar dira, soldata sozialen ereduari jarraituz”.

Bestalde, Aralarreko legebiltzarkide taldeko bozeramaileak esan du ingurumenaren kudeaketa dela, esparru sozialeko lanarekin batera, lanpostu asko sor daitekeen hobia. “Zentzu horretan, eraikuntza erraldoiak eta ingurumenari kalte egiten dioten eraikuntza eta azpiegitura lan handiak bultzatu beharrean, PSEk eta PPk egiten duten bezala, ingurumena babesteko egitaraua egin behar da Europan eta, batez ere, eraikuntzak asko zigortu dituen inguruetan, Euskal Herrian, esaterako”.

“Langabeziarenak aspaldian errepikatzen ari diren datuak dira”, adierazi du ezenarrok, “eta ezin dira gelditu behin behineko neurrien erantzun soilarekin. Hori egitea axolagabekeria da, eta ezin da onartu”. Zentzu horretan, azpimarratu duenez, “egiturazko krisi honek ezkerreko erantzuna behar du, hau da, elkartasunekoa eta aurrerakoia”.