Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek dio etorkizunak behar duela bakea eta burujabetza tinkotasun berberaz defendatuko duen gazteria

Aralarrek dio etorkizunak behar duela bakea eta burujabetza tinkotasun berberaz defendatuko duen gazteria

2011/04/16
  • Iratzarri
Aralarrek eta Iratzarrik ekitaldi politikoa egin dute gaur arratsaldean Donostiako Be Bop tabernan, gazte erreferenteak izango dituen hautagaiak aurkezteko.

Aintzane Ezenarro legebiltzar taldeko bozeramaileak esan duenez, politikan parte hartzeko deia egin dio gazteriari, eta azpimarratu duenez, “bakea eta gure herriaren burujabetasuna tinkotasun berberaz defendituko duen gazteria behar dugu, etorkizunari itxaropenez begiratu nahi badiogu. Burujabetza bakebidetik, bakebidea burujabetzarako. Hori da itxaropenaren atea, eta hori litzateke gure gizartea aldatzen ari denaren seinale”.

Zentzu horretan, Euskal Herriak gazte konprometituak behar dituela agertu du. “Konprometituak Euskal Herriarekin, burujabetzarekin eta gizarte bidezkoago batekin. Konpromiso ekintzaileak hartzeko prest dauden gazteak behar ditu Euskal Herriak”.

“Topikoek esaten dutenaren aurka”, gaineratu du, “bere gizartearekin konprometituak dauden gazteak”, ondoan zituen Iratzarriko ordezkariei erreferentzia eginez. “Itxaropena izateko modukoa da hori, hitzetatik ekintzetara jauzi ematea erabakitzen duten gazteak asko direlako, eta politika eginez politika aldatu nahi duten gazteak badaudelako”. Zentzu horretan, Aralarreko bozeramaileei gazteriari mezu zehatza helarazi dio: “Politikak merezi du. Euskal Herriak merezi du. Gizarte honek merezi du”.

Ezenarroren hitzetan, “politika da, borroka sozialarekin batera, errealitatea aldatzeko dugun giltza. Politika aldatzeko, politikagiltza erabili behar delako”. Paso egiten duten gazteei ere zuzendu zaie. “Paso egiteak, ezer ez aldatzea eragiteaz gainera, betikoek betiko politika egitea lortzen du bakarrik.

Laida Elizegi Iratzarriko koordinatzaileak eta Anaingo Udalerako zerrendaburuak, bere aldetik, nabarmendu du 11 izango direla zerrendaburu izango diren Iratzarriko kideak.  “Gazteok politikan inplikatu behar dugu. Dakigun bezala, gazteek arazo zehatzak dituzte belaunaldi eta gizarteko kolektibo bezala, krisi ekologiko, sozial eta ekonomiko gogor bati aurre egin behar diote, beraien etorkizuna hipotekatzen duen krisia izanik”, esan du.

Leire Martinez Bizkaiko Batzar Nagusietarako Durangaldea-Arratia barrutiko zerrendaburuak bere aldatik, Iratzarrik daukan erronkari ilusioarekin egingo diola aurre. “Beharrezkoa da ezker abertzale polítiko eta eraginkorraren mezua inoiz baino indartsuago eramatea erakundeetarako. Eta horretan, guk, gazteok, zeresan handia daukagu”.