Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek dio Erauskin eta Berasategiren kontrako erabakiarekin eskubide zibil eta politikoak urratzen direla

Aralarrek dio Erauskin eta Berasategiren kontrako erabakiarekin eskubide zibil eta politikoak urratzen direla

2009/09/01
  • EHAK
  • EZenarro
  • Alderdien Legea
Aralarrek bere elkartasunik beroena agertu die Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi EHAK-ko legebiltzarkide ohiei Aintzane Ezenarroren ahotan, Espainiako Audientzia Nazionalak 60.000 euroko baldintzapean aske utzi ostean.

Aralarrek gogor salatu du Baltasar Garzon epaileak hartutako erabakia, Erauskin eta Berasategiren kontrako akusazioen argudioei eutsi dielako. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “erabaki horrekin eskubide zibil eta politikoak urratzen dira. Giza eskubideen eta demokraziaren kontrako eraso berri baten aurrean gaude. Politika egiteagatik ez du inork kartzelan egon behar”. Era horretara, kasua bertan behera behin betiko uztea eta giza eskubideak bermatu daitezela eskatu du. 60.000 euroko bermea ezarri izana "gehiegizko neurritzat" hartu du Legebiltzarreko Aralarreko bozeramaleak.

Era berean, Erauskin eta Berasategiren egoera alderdien legearen "beste ondorio bat gehiago" dela azpimarratu du Ezenarrok. Demokrazian sakontzeko, eta eskubide zibil eta politikoak bermatu daitezen alderdien legea bertan behera uzteko eskatu du Ezenarrok, “demokraziaren kontrakoa eta astakeria juridikoa delako”.