Aralarrek dio bakearen ordua dela eta hori lortzeko lan egingo duela
- Rebeka Ubera
- Jon Abril
Gaineratu duenez, bestelako akordioak edo hauteskunde lehiak baztertuta geratzen dira oraingoz. “Bakearen ordua da”, azpimarratu du Abrilek. Hala, datorren maiatzean izango diren udal eta foru hauteskundetara aurkezteko programak prestatzen hasita dago Aralar, eta hautagaiak aukeratzeko barne-prozesuak abian jarri ditu. “Aralar ezker abertzale politikoaren eskaintza argi bat izango da EAEn, ezkerreko alternatiba abertzalea indartzen jarraitzeko. Eta Nafarroan, benetako gobernu abertzale eta aurrerakoi baten alternatiba erreala eskainiko dugu Nafarroa Bairen bidetik”.
Bestalde, Aralarreko koordinatzaileordeak esan du “Patxi Lopezen gobernu ahul eta agortuari oposizio tintokoa” egiten jarraituko dutela. “Hauteskunde kanpainan egindako promesak betetzeko ere gauza ez den gobernua da eta zain egoteko jarrera hartu duena, besteek gauzak moldatzea itxaroten dagoena, eta etengabe kexu dagoena. Lopezen gobernua, egunetik egunera, euskal gizartearengandik eta gehiengoaren iritzietatik gero eta urrunago dago”.
Nafarroan, Nafarroa Bairekiko konpromisoa berretsi eta indarberritu egin dutela azaldu du Abrilek. “Herrialdeko lehendabiziko indar politiko bilakatzeko helburuarekin. Nafarroako gizartearen beharretaz ahantzita dagoen gobernuari, agortua dagoena, jarrera eta politika aldaketa irmoa eskatzen jarraituko dugu”.
Madrilen, bestalde, EAJk daraman jokoa ez da saldu nahi diguten bezain borondate onekoa, Abrilen hitzetan. “Gauza bat da Gernikako Estatutua betetzeko eskaria egitea aurrekontuen onespenaren truke (Lege Organikoa den neurrian bete beharko litzatekeena, negoziatu behar izanik gabe. Baina argi dago estatuko alderdiek hitza soilik betetzen dutela bozken beharra dutenean), eta bestelakoa da, eta oso desberdina, inongo zehaztasunik ez agertzea autogobernu gehiago eskatzen denean, eta horrek kromo aldaketa batera eramatea, aurrekontuen babesa zerrendarik bozkatuenekiko errespetuarekin aldatu nahi izatearekin. Alegia, interes orokorra baino, interes partidistak bilatzen dituzte”.
Prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Donostian Abrilek, ondoan Rebeka Ubera Aralarreko antolaketa idazkaria zuela. Hurrengo larunbatean Bilboko Elkano kaleko Enpresa Zientzien fakultatean alderdiak egingo duen Kontseilu Politikoa aurkeztu dute. Joan den Kongresuan sortutako kontsultarako organoa da, eta larunbatekoa izango du bere lehen bilkura. Zuzendaritzetako kideez gain, bere ibilbideagatik aukeratutako militanteak edota militantziak aukeratutako kideak ere badaude.
Egoera politikoaz gainera, krisi ekonomikoa eta horren ondorioak tarte zabala izango dute Aralarren Kontseilu Politikoan. Zentzu horretan, Uberak azpimarratu duenez, “bizi dugun krisiak sistemaren aldaketa esktrukturalak eskatzen ditu, eta azken hilabeteetan egin dugun bezala, eredua bera kuestionatzen duten proposamenak eta neurriak planteatuko ditu Aralarrek gizartearen aurrean”.
Arlo sozialean ematen ari diren murrizketa “kezkagarriei”, aurrezki kutxen pribatizazioari, krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnei, politika fiskal neoliberalei edota ingurumen politikei arreta berezia jarriko diela azaldu du Uberak.
Albiste erlazionatuak
Rebeka Ubera
- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Sorturen gainean Auzitegi Gorenak emandako epaiaren balorazio negatiboa egin dute
- Aralar: ”Olanok eta Elorzak Gipuzkoa bankuen esku utziko duen proiektu baten lehen harria jarri dute”
- Aralarrek Eneko Goiari galdetu dio Bidegik bigarren ingurabidea erabili ez duten erabiltzaleei bidegabe zenbat kobratu dien
- Foru Aldundiak errausteko planta eraikitzeko baldintzekin Gipuzkoa bankuen menpe utzi duela salatu du Aralarrek
Jon Abril
- Aralarrek ezkerretik eragingo duen udal politika parte-hartzailea egiteko konpromisoa hartu du
- Aralarrek Espainiako Erregeari bere kargua desagerrarazteko proposamena egin dezala eskatu dio
- Aralarrek lan bilera egin du, indarkeria matxistarekin nola amaitu hausnartzeko eta proposamenak lantzeko
- Aralarrek Europako Parlamentuko ALE taldearen jardunaldietan parte hartu du


